Kooperatiben Goren Kontseiluaren, International Cooperative Allianceren, KONFEKOOPen, COCETAren eta Eusko Jaurlaritzaren indarrak batuta, ‘Garapen Jasangarriaren aldeko Kooperatibak’ nazioarteko konferentzia egin zen uztailaren 1ean, Kooperatiben Nazioarteko Egunean, Donostiako udaletxean.
Ekitaldiaren haria, munduko hainbat lekutatik streaming bidez jarraitu zena, mundu hobe bat eraikitzeko formula kooperatiboa tresna onenetarikoa dela erakustea izan zen. 2023 funtsezko urtea da Nazio Batuen 2030 Agendarako, irailean NBEk goi-bilera bat antolatuko baitu Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak berrikusteko.
Ariel Guarco International Cooperative Allianceko presidenteak adierazi zuen bezala, “argi eta garbi esan nahi dugu garapen jasangarria kooperatibek bakarrik lortu dezaketela”.
Sei bloketan banatuta
Garapen iraunkorraren aldeko kooperatiben konferentzia 6 bloketan banatu zen: bost GJHak (Garapen Jasangarriaren Helburuak) identifikatzeko eta lantzeko, eta beste bat gazteei eskainia. Mahai horietako bakoitza kooperatiben munduko pertsona garrantzitsu batek moderatu zuen.
Patxi Olabarria Kooperatiben Kontseiluko lehendakariak konferentziaren garrantzia azpimarratu zuen. “Une honetan bost kontinenteetako kooperatibistak konektatuta egotea lortu izana da kooperatibek garapen jasangarriarekin duten konpromisoa azaltzeko modurik onena”, adierazi zuen.
Iturria: Kooperatiben Kontseilua