Euskal Monetak 61.281 eusko eman dizkie 58 elkarteri

14 urria, 2022 | Kategoriarik gabe

Eusko monetaren “% 3ko emaitza” baliabideari esker, orotara 61.281 eusko emanak izan dira 58 elkarte hartzaileri. Tokiko monetaren izaera solidarioa berresten da errekor berri honekin; izan ere, iazko 50.540 euroak aise gainditu dira aurten.

Joan den urriaren 1ean, berrogei bat elkartek parte hartu zuten Eusko Elkarteen Egunean, Biarritzeko Surfrider Foundation-en egoitzan. Urteroko hitzordu hau elkarte-mundua garatzen laguntzeko antolatzen da, eta, orduan, mami baliosa eskaintzen zaie tokiko monetaren kide diren ala ez diren elkarteei. Berez, elkarteen finantzamenduari eskainitako hitzordua da, baina aurten kanpoko hizlariekin aberastu da.

Euskal Monetako Régis Enerizek, Eusko monetaren %3ko emaitzaren baliabidea aurkeztu zuen, eta erakutsi zuen tokiko monetaren erabilerak lurraldeko elkarteei arras konkretuki laguntzen diela. Izan ere, 2013az geroztik, 250.000 eusko eman zaizkie hainbat arlotan –ingurumena, hezkuntza, elkartasuna, euskara, kirola, kultura eta abar– lanean ari diren 70 elkarteri.

Emaitza honen hartzaileak beren txeke sinbolikoa berreskuratzera jin ziren. Hartzaileen artean, besteak beste, aipa daiteke Angeluko Kimua ikastola. Honek, bigarren urtez jarraian, bere emaitzaren zenbatekoa bikoiztu du: 417 eusko 2020an, 1.021 2021ean eta 2.126 aurten.

Bizi! elkartea ere bertan zen. Larrialdi ekologikoaren eta justizia sozialaren alde egiten duen elkarteak, aurten, 4.250 eusko bildu ditu, hots, hartzaileen artean emaitzarik handiena. Halere, tokiko moneta dirulaguntza soila baino askoz gehiago da, Bizi! elkartearen ustez, Jéremie Bude diruzainak azaltzen duenez: “Harriturik gaude emaitzaren zenbatekoaz. Iaz baino 1.000 eusko gehiago bildu ditugu! Eskerrak ematen dizkiegu gure babesleei, tokiko moneta erabiliz gertakariak eta komunikazio-ekintzak finantzatzeko ahala ematen baitigute. Baina, hori baino gehiago, arras kontent gara ekonomia birkokatzeko, inpaktu ekologikoa murrizteko eta Bizik daraman lurralde burujabe baten aldeko proiektua den Euskoren garapenaz.”

Nola funtzionatzen du %3ko emaitzak?

Tokiko monetaren kide bakoitzak babestu nahi duen elkarte bat hauta dezake, eta elkarte batek 30 babesle dituelarik, Euskoren % 3ko emaitzaren baliabidean sartzen da. Ondorioz, Euskok (eta ez kideak) elkarteari emaitza bat egiten dio, urtero. Emaitza hau elkartearen babesle guziek euskotan aldatu euroen % 3ren heinekoa da. Beraz, 100 € aldatzen dituen erabiltzaile batek 100 eusko jasotzen ditu, eta, gainera, Euskok 3 euro (euskotan, bistan da!) ematen dizkio erabiltzaileak babesten duen elkarteari

Iturria: Enbata