Jennacoop, gazteek ezagutzak eta esperientziak trukatzea helburu duen proiektua, aurkeztu da “Nekazari gazteen potentziala elikadura-sistema jasangarrietan” jardunaldian
KONFEKOOPek Jennacoop proiektua aurkeztu du Munduko Landaguneak erakundeak antolatutako Nekazari gazteen potentziala elikadura-sistema jasangarrietan jardunaldian. “Kooperatibismoa ordezkatzen dugun erakundeontzat oso garrantzitsua da oinarri sozialak parte hartzea eta gu ezagutzea. Hori dela eta, pandemiaren testuinguruan, Jennacoop sortu zen, Akitania Berriaren, Nafarroaren eta Euskadiren arteko euroeskualdeko proiektua, nekazaritzako elikagaien kooperatibetako gazteei zuzenduta”, azaldu du Maite Corresek, KONFEKOOP-Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko Lankidetza Proiektuen arduradunak.
Jardunaldia abenduaren 16an egin zen, Euskalduna jauregian, eta, Corresek azaldu zuenez, kooperatibista, nekazari eta abeltzain gazteen lantalde egonkor bat sortzea da Jennacoopen helburu nagusietako bat. Era berean, Euroeskualdeko lurraldeetako gazteek ezagutzak trukatzea bultzatu nahi du proiektuak, “horri esker arazo komunei elkarrekin aurre egin ahal” izateko.
Euroeskualdeko nekazaritza-kooperatibetako gazteen sareak jarduera bizia izan du 2021ean; besteak beste, bisita birtualak egin ditu, jardunbide egokiak identifikatu eta zabaldu ditu, Europako Itun Berdeari buruzko azken nobedadeen berri eman die gazteei eta ustiategien digitalizazioa eta modernizazioa bultzatu ditu. Haren lana eta kooperatiben eginkizuna beste publiko batzuei ere helarazi zaizkie; jardunaldi honetan, adibidez.
Iturria: KONFEKOOP