Etxeko langileen bakardadea eta isolamendua gainditzea, ekimen kooperatiboaren bidez

15 iraila, 2022 | Kategoriarik gabe

Kooperatiba al da formularik egokiena etxeko langileen ekintzailetzarako? Kooperatibak, langileak helburu komun batekin lotzen dituen formula den aldetik, lurraldean sustraiak errotzeko gaitasuna du, eta bertan lan egiten dugunok aukera dugu gure enpresaren martxan aktiboki parte hartu eta egin nahi dugun bidea jorratzeko.

Mendebaldeko gizarte gero eta zahartuagoetan bizi garen garai hauetan, zaintza lanek duten garrantzia oroar, eta adineko pertsonen zaintza lanena bereziki, nabarmendu egiten da.

Azken hamarkadan indar geroz eta gehiago hartu duen mugimendu feministak nabarmentzen duen bezala, elkarren mendeko pertsonak gara, hau da, elkarren beharra dugu uneoro eta bizitza osoan zehar elkar-zaintzak behar(ko) ditugu. Zaintza horiek familietako emakumeek egin izan dituzte historikoki, baina emakumea lan-merkatuan sartzearekin batera, aldaketa bat ematen ari da, eta gaur egun familiako emakumeak izatetik zaintza lan horiek egiten dituztenak, kontratatutako emakumeak izatera pasatu da, kasu askotan emakume migratzaileak izaten direlarik.

Testuinguru horretan sortu zen emakume migratzaileek osaturiko Maitelan kooperatiba, egiten duten lana baloratu eta lan baldintzak hobetzen laguntzeko, bizi diren tokian loturak sortzen dituen bizimodu gisa eredu kooperatiboa zabaltzeko.

Duela urte batzuk, Euskal Herriko Unibertsitateko GEZKI institutuak azterketa bat egin zuen. Etxeko langileen beharrak jaso ziren, eta aldi berean mendekotasuna duten pertsonen beharrak konpontzearekin lotutako lan kooperatibek eskaintzen dituzten abantailak aztertu nahi izan ziren. Finean, formula kooperatiboa etxeko langileen lan-baldintzak hobetzen laguntzeko gai den ala ez aztertu nahi zen.

Gaur egun, kolektibo honentzako beharrak berberak izaten jarraitzen dute, nahiz eta urteak joan. Gure lurraldera heldu eta adineko pertsonak zaintzen lan egiten duen pertsona migratzaile bakoitza egoera berean dagoela esan genezake.

Adibide gisa, kanpo-zaintzaileen egoera hartzen badugu, ikusten dute lanaldiak luzeak direla, ordutegiak ez dira malguak —baita zurrunak, murriztaileak eta itogarriak ere zenbait kasutan—, lan-karga handia eta bakarkoa, zailtasunak dituztela behar izanez gero ordeztekatuak izateko (adibidez, hitzordu mediku batera joateko), negoziatzeko ahalmen txikia dutela enplegatzailearen aurrean, eta azpimarratzen dute pertsonarekiko lotura emozionala sortzen dela.

Eta zer esanik ez barne-langileez (interinak): intimitaterik eza, erabakitzeko askatasunik eza, ordutegi zorrotzak, familiari eta lanari dedikatzeko denborak bateratzeko zailtasuna, soldata txikiak, lanarekiko mendekotasuna, isolamendua eta laguntza-sarerik eza.

Adibide gehiago ere erantsi genitzake, baina, gaira itzuliz, gaur geure buruari galdetuko bagenio ea ekimen kooperatiboa etxeko langileentzako aukera egokia ote den, baiezko erantzuna emango genuke. Zaintza-kooperatibak lurraldean errotzen dira, hirietan nahiz landa-ingurunean lan-aukerak sortzen dituzte, etxeko langileek pairatzen dituzten atomizazioa eta isolamendua hausten dituzte, besteak beste.

Are gehiago, kooperatibek lan-baldintzen hobekuntza eraginkorra eskaintzen dute, lan-tresnak eskuratzeko inbertsio-gaitasuna errazten dute, trebakuntzarako eta birziklatzeko testuinguru egokiagoa eskaintzen dute, eta, pixkanaka, gizarte-egoera ahulean eta lan- eta lanbide-prekarizazioan dauden pertsonak ahalduntzen dituzte. Guretzat, Maitelan kooperatibistak etorkizunera proiektatzen gaituen heinean, kausa kolektibo batekin konprometituta egotera behartzen gaitu, elkarrekin ibiltzera eta solidario izatera.

Hala ere, zaintza kooperatiben bidea ez da erraza. Proiektu kolektibo sendo bat sortzea, emakumeen banakako beharrak ere kontuan hartuko dituenak zailtasun askori egin behar die aurre, hala nola lehiakortasun bihozgabea sustatzen duen merkatu kapitalista batean murgilduta egotea eta zaintza sektorean existitzen den merkatu beltz suntsitzailea (argi dago lan-baldintza duinak eskaintzea bidezko ordainketa bati lotuta dagoela emandako zerbitzuagatik).

Maitelan kooperatiba integrala da, emakume migratzaileen talde batek sortua, Beterri Buruntzaldeko Garapen Agentziaren, Ahmerren eta Euskal Herriko Unibertsitate Publikoaren laguntzarekin. Maitelan zainketen erantzukizun soziala modu kolektiboan hartzeko tresna da. Hernanin errotuta, etxez etxeko laguntza zerbitzua eskaintzen dugu eskualde osoan eta inguruetan.

Informazio gehiago hemen

Iturria: Kronika