Etxebizitza eta Gizarte Ekonomia ez dira hertsiki loturiko kontzeptuak eta esparruak izan gurean. Etxebizitza, merkatuaren arlo pribatuan edota politika publikoen eremuan kokatu izan dugu tradizionalki, baina gero eta gehiago dira etxebizitza beharrak bestelako era batean betetzeko helburuarekin sorturiko ekimen eta saiakera berritzaileak, gizarte ekonomiarekin erabat loturik.
Gai honi buruzko hausnarketa sakona egin nahi dugu GEZKI-tik, eta haatik, Etxebizitza Kooperatibei eskainiko zaie ikasturte honetan GEZKI-tik antolatuko den Jardunaldia. Zehatzago, aurtengo Gizarte Ekonomiako GEZKI-ren Jardunaldiak honako izenburua izango du: Etxebizitzaren arazoari Gizarte Ekonomiatik erantzunez / Respuestas desde la economía social a la problemática de la vivienda. Jardunaldi hau ikasturte honetako ekainaren 22an egingo da, Gipuzkoako Kanpusean, Donostiako Joxe Mari Korta eraikinean, hain zuzen ere.
Bertan zenbait ponentzia aurkeztuko dira, ondorengo gaiak sakonduz: etxebizitzarako eskubidea, nazioarteko etxebizitza kooperatibei buruzko esperientziak (Europako eta Amerikako eredu ohikoak aztertuz, Uruguay kasu), eta Euskal Autonomia Erkidegoan emandako etxebizitza kooperatiben errealitatea. Ondoren bi mahai borobil egingo dira, bata gure inguruan etxebizitza kooperatiba berriei buruzko esperientziak aztergai hartuz, eta bestea politika publikoen erronka eta aukerei buruz hausnarketa egiteko helburuz. Bi mahai inguru hauetan, aipaturiko esparruetan berebiziko ezagutza eta ardura duten aditu, ekintzaile eta politikariek parte hartuko dute, besteak beste, berriki sortzen ari diren esperientzien atzean bultzaka dabiltzan pertsonak, eta baita Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzaren esparruan eginiko eta egingo diren politika publikoen arduradunak ere.
Uste dugu biziki interesgarri eta probetxugarria izango den Jardunaldi baten aurrean gaudela, zeinak egun bizi dugun arazo larriaren inguruko gogoeta egiteko eta honen aurrean bai Gizarte Ekonomiari orokorrean bai Etxebizitza Kooperatibei konkretuki irekitzen zaizkien aukerak identifikatzea ahalbidetuko digun.
Aitziber Etxezarreta Etxarri
GEZKI kidea
UPV/EHU-ko irakaslea