Errenteriak ekonomia soziala bultzatuko du

15 ekaina, 2022 | Kategoriarik gabe

Errenteriako Udala eta Olatukoop lankidetzan ari dira ekonomia sozial eta eraldatzailearen esparruan proiektu kooperatiboak bultzatzeko xedearekin.

Gaur egungo testuinguru konplexu honetan, bi eragileek pertsonen beharrei erantzungo dieten eta tokiko ehun ekonomikoa indartuko duten proiektu kooperatiboak bultzatzeko baldintzak sortzeko beharra partekatzen dute. Hala adierazi zuten maiatzaren hasieran egindako agerraldian.

Lehenengo fasean, beren jarduera tokiko eskalan garatzen duten gizarte-ekonomiako proiektuen egoera aztertu ondoren, laneko eremu estrategikoak zeintzuk diren identifikatuko dira. Horretarako, berariazko lan-mintegiez gain, herritarrei eta eragile sozioekonomikoei irekitako saioak egingo dira.

Orain arte egindako bidean hainbat erronka identifikatu dira, hala nola banaketa iraunkorra, digitalizazio demokratikoa, elikadura edo proiektu kultural kooperatiboak.

Horietatik guztietatik, bigarren fasean, laguntza eta akonpainamendu profesionala eskainiko dira, bi proiektu kooperatibo bultzatzeko.

Dagoeneko gaian interesa izan dezaketen pertsona eta eragileentzat edota proiektu bat martxan jarri nahi dutenentzat prozesua irekita dagoela adierazi dute. Bide horretan aurrerago eragileak eta herritarrak ahalduntzeko formazioak antolatuko dituzte.

Aizpea Otaegi alkateak gogorazi zuenez, 2019-2023 Legegintzaldi Planaren oinarrietako bat tokiko ehun ekonomikoa indartzea da. Ildo horretan, gizarte-ekonomiako proiektuak bultzatzea tokiko ekonomiaren esparruan orain arte garatutako ekintzen multzoari gehitu nahi zaio.

Iturria: Noticias de Gipuzkoa