ERNETU proiektuaren emaitzen jardunaldia: Gipuzkoako Laneratzeko Enpresen eguna

13 martxoa, 2024 | Kategoriarik gabe

ERNETU proiektuaren emaitzen aurkezpena dela eta, Gizateak jardunaldi hau antolatu zuen Hernaniko Biteri Kultur Etxean: “Sareak ehuntzen Gipuzkoan, laneratzeko enpresak sortzeko”.

Egunari ongietorria emateko Maite Uribarren Gipuzkoako Gizateako Lehendakariordea, Xabier Lertxundi Hernaniko Alkatea eta Koldo Peciña Gipuzkoako Aldundiko Proiektu Estrategikoen Zuzendaria izan ziren.

Ondoren, Amaia Perezek eta Ane Igoak, ERNETU proiektuaren garapenaz arduratzen diren teknikariek, proiektuaren emaitza nagusiak aurkeztu zituzten.

Proiektuak izan dituen lan-ildoekin batera, jardunaldia bi zatitan antolatuta egin zen. Lehenengoa, Gipuzkoan laneratzeko enpresak sustatzeari eta sortzeari buruzkoa: toki-administrazioekiko lankidetza.

Lehen blokea Silvia Cózar “Viviendas y servicios municipales de Candelaria” gizarteratzeko enpresaren laguntza-teknikariaren hitzaldiarekin hasi zen. Enpresa hori Kandelaria herriko udalak sustatu zuen, Tenerifeko uhartean. Silviak enpresaren funtzionamenduaz aritu zen, nola enpresak udal mailako zerbitzuak ematen dituen udalaren enkargupean.

Ponentzia eta gero, Iune Polok moderatutako Esperientzien lehen Mahaia izan zen: Lurraldeko lankidetza-esperientziak. Hemen hiru hitzaldi eta lankidetza mota ezagutzeko aukera izan zuten: Fernando Nebreda, Oarsoaldeko gerentea, Badia Berri Euskadiko sustapen publikoko gizarteratze-enpresa bakarraz aritu zen, eskualdeko udalen konpromisoari esker: Errenteria, Oiartzun, Pasaia eta Lezo, Garapen Agentziaren bitartez . Jon Basaldua, UBA Hostel kudeatzen duen Suspertu gizarteratze-enpresako koordinatzailea, Donostiako Udalaren kontratu erreserbatu baten bidez. Amaitzeko, Rosa Maiza, Zumarragako lehen alkateordea, Zu Mas Zaindu enpresaren sorreraren prozesua kontatu zuen.

Jardunaldiaren bigarren zatiari hasiera emateko, Maitelan izeneko gizarte-ekimeneko kooperatibaren esperientzia ezagutu zuten, zaintzaren sektorean migratutako emakumeek sortua. Onix Karlak Hernanin sortutako esperientzia partekatu zuen eta orain arte egindako bideaz hitz egin zuen.

Esperientzien bigarren mahaian, Marivi San Juanek moderatua, partehartzaileek, laneratzeko enpresek lurraldea eraldatzeko eragile gisa nola jardun dezaketen kontatu zuten.

Zuriñe Mindegia Zabalduzen gizarteratze eta laneratze eta esku-hartze komunitarioaren arduradunak “Bertatik Elikatuz” proiektua partekatu zuen, eta nabarmendu zuen oso garrantzitsua dela elikadura-sistema iraunkor eta burujabe bat, enplegu inklusiboaren bidez. Aitziber Zubillagak, Emaus Gizarte Fundazioko zuzendari nagusiak, Emaus Gipuzkoaren ikuspegia aurkeztu zuen ekonomia zirkularraren bidezko gizarteratzean eta laneratzean. Maite Uribarren Bidebarriko laguntza-teknikariak elkarte gastronomikoak garbitzeko ekimena kontatu zuen, Oñatiko udalerrian kalteberatasun-egoeran dauden emakumeentzako aukera-desberdintasunari aurre egiteko.

Jardunaldiaren eta proiektuaren ondorioak Joana Revilla Gizateko koordinatzailearen eskutik jaso zituzten.

Laburbilduz, jardunaldia aurkezpen-ekitaldi bat izateaz gain, gizarte-aldaketarekin konprometituta dauden Gipuzkoako laneratzeko enpresen ekosistemako eragile, erakunde eta profesionalen arteko topaketa bat ere izan zen.

Iturria: GIZATEA