“Eraldaketarako sindikalismoa eta ekonomia soziala” liburuaren aurkezpena

15 otsaila, 2024 | Kategoriarik gabe

Pasa den otsailaren 5ean Talaios kooperatibako kide den Oscar Garcia Jurado eta ELA sindikatuko Negoziazio Kolektiboko arduraduna den Pello Igeregik Manu Robles-Arangiz fundazioa eta Talaios kooperatibak elkarlanean argitaratu duten “Eraldaketarako sindikalismoa eta ekonomia soziala” liburua aurkeztu zuten Donostiako Alde Zaharreko San Jeronimo aretoan.

Estrategia sozioekonomiko burujabe baterantz ibili beharreko bidean, garapen ekonomikoa ikuspegi eraldatzailetik egiteko, eta bide horretan, kooperatibismo eta sindikalismo eraldatzailearen arteko harremana eta estrategia komunak lantzeko asmoz egin den lana da argitalpena.

Sistema sozioekonomiko kapitalistari, oro har, eta egungo euskal kapitalismoari, bereziki, alternatibak bilatzeko beharretatik abiatzen dira liburuan planteatzen diren edukiak. Horretarako gizarte-ekonomia eraldatzaileari lotutako azterketa-, pentsamendu-eta praktika-ildoak aurkezten dira, estrategia sozioekonomiko subiranista bat eraikitzen aurrera egiteko oinarrizko tresna gisa.

Esparru horretan, kooperatibismoaren eta gizarte-ekonomiaren eta sindikalismoaren arteko harremanari buruzko hausnarketak eta proposamenak egiten dira, bai eta sindikalismo eraldatzaileak bultzatu beharreko enpresa eredu edo ekoizpen-unitate motari buruzkoa ere; horretarako lanaren eta langile-klasearen kontzeptua birplanteatzea ezinbestekoa izanik.

Liburua Oscar Garcia Jurado ekonomialari andaluziarrak idatzi du Talaios kooperatibako kideekin batera.

Liburua deskargatu daiteke Manu Robles-Arangiz Fundazioaren webgunetik, PDF formatuan.

Iturria: BDS KOOP eta Argia