Enplegu eta Lan sailburuak gizarte ekonomiak eta ekintzailetzak krisitik ateratzeko duten balioa azpimarratu du

30 iraila, 2020 | Kategoriarik gabe

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburua, irailaren 23an bildu zen gizarte ekonomiako eta sektore ekintzaileko ordezkariekin, eta horien balioa egungo krisitik ateratzeko “funtsezkotzat” jo du.

Bilera horietan mugimendu kooperatiboko ordezkariak izan dira, Konfekoopek ordezkatuta, ASLEren barruan dauden Euskadiko lan-sozietateekin eta Euskal Autonomoen Elkartearekin (Ava) batera. Sailaren aldetik, lehendakariordea buru duen ordezkaritzak Lan sailburuordea, Jon Azkue, Enpleguko sailburuordea, Elena Pérez Barredo, eta Gizarte Ekonomiako zuzendaria, Jokin Díaz, ere izan dira.

Idoia Mendiak eta bere taldeak kooperatibismoan, lan-sozietateetan edo langile autonomoetan eragina duten neurriak aztertu dituzte. Neurri horiek egungo Eusko Jaurlaritzari forma eman dion akordioan agertzen dira, eta Jaurlaritzaren programan eta Gobernu Kontseiluan laster onartzeko lanean ari den legegintza-egutegian garatuko dira.

Aurreko legealdian Lan Sailak hartutako neurriak ere berrikusi dira, datozen ekitaldietan erregelamendu bidez garatuko direnak. Azpimarratzekoa da Kooperatiben Legea erregelamendu bidez abiarazi zela, arau-esparru berri bat ahalbidetuko duena, kooperatiben sektore osoaren eta Eusko Legebiltzarraren babesa izan zuena, eta enpresa-iraunkortasunerako tresna eraginkorrak dituena.

Lehendakariordeak Konfekoopeko ordezkariekin egindako bileran kooperatibismoaren balioak azpimarratu ditu, eredu sozioekonomiko arduratsua delako eta gizartearekin, enplegu duin eta kalitatezkoarekin konprometituta dagoelako, eta deslokalizazioaren aurrean lurraldean errotuta dagoelako. Eredu erabakigarria pandemiaren ondorioak gainditzeko, eta etorkizuneko eredua, Jaurlaritzak kooperatiba-mugimenduarekin eskuz esku bultzatzen jarraituko duena.

Lan-sozietateak finkatzea eta partaidetza duten enpresak arautzea ASLEren ordezkaritzarekin aztertu dira.

Lehendakariordeak solaskide guztiei adierazi die premiaz hartu behar direla enplegua berreskuratzea bultzatuko duten neurriak, bizi dugun larrialdi bereziko unea dela eta. Halaber, euskal enplegu eredua birbideratu behar dela esan du, pandemiaren ostean zain izango ditugun erronkei aurre egiteko.

Iturria: Irekia