Energia berriztagarriak, auto-hornitze eta autokontsumo energetikoa eta tokiko kooperatiba eredua oinarri, sei eguzki-parke fotovoltaiko eraikiko dituzte Araban, 3.000 etxebizitzari zerbitzua emango diotenak.
Añana, Aiara, Arabako Mendialdea, Arabako Lautada, Arabako Errioxa eta Gorbeialdeko kuadrilletan egingo dituzte parkeak. Arabako Foru Aldundiak eta Energiaren Euskal Erakundeak aurkeztu dute ekimena eta esan dute parkeak balio gutxiko lurzoruetan kokatuko dituztela, nekazaritzarako erabiltzen ez direnak. Hektarea bateko azaleran megawatt bateko potentzia lortuko dela ere jakinarazi dute.
Ekiola eredu kooperatiboari jarraiki, energia berriztagarriaren sortze eta kudeaketa prozesuan herritarren parte-hartzea bultzatzea da egitasmoaren helburuetako bat, eta bide horretan ekimen hau “mugarri” dela nabarmendu dute. “Zeregin hauetan herritarrak boteretzea da proiektuaren oinarria”. Tokiko kooperatibak eratzea da xedea eta kooperatibaren %51 herritarrek osatzea.
0 kilometroko energia garbia ekoitziko dela eta sistema elektrikoaren barruan funtzionatuko dutela gaineratu dute aurkezpenean.
Hamabi hilabeteko epean parkeak martxan jartzea da asmoa.
Iturria: Argia