Ekonomia Sozial eta Solidarioa Masterraren irekiera ekitaldia

30 iraila, 2022 | Kategoriarik gabe

Joan den irailaren 26an, EHUko Ekonomia Sozial eta Solidarioko Masterraren edizio berriaren irekiera ekitaldia egin zen, bertan, 2022/2023 ikasturteari hasiera eman zitzaion.

Olatz Azurzak, Goiener energia berriztagarria sortu eta kontsumitzeko kooperatibako kideak eman zuen hasierako hitzaldia, “Gizartea, energia eta ekonomia soziala” izenburupean. Olatzek egungo egoera energetiko larriari buruz hitz egin zuen: “energia gai soziala da, Euskadin 10 etxebizitzatik 1 pobrezia energetikoan dago”. Arrazoi nagusiak prezio altuak, diru-sarrera txikiak eta eraginkortasun txikia dira. Gainera, azpimarratu zuen energia gizarte-ondasun bat dela, eta, beraz, asko dagoela egiteko, bai bakarka bai taldean.

Jokin Diaz Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sozial eta Solidarioko zuzendariak ere hartu zuen parte ekitaldian. Masterra GEZKI institutuak (Ekonomia Sozialaren eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua) sustatu du, eta HEGOA institutuak, Lan Harremanetako Unibertsitate Eskolak, Donostiako Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolak eta Ekonomia Aplikatua I eta Enpresa Zuzenbidea sailak parte hartu dute.

Iturria: OVES/GEEB