Ekonomia eraldatzailea bultzatzeko egitasmoa abian da berriz Beterri-Buruntza eskualdean

31 urtarrila, 2023 | Kategoriarik gabe

Beterri Saretuz egitasmoa berriz ere martxan da eta Andoainen egin dute lehen topaketa eskualdeko enpresa, hezkuntza eragile eta erakundeen artean. Ekonomia eraldatzailearen balioetan eta partaidetzan oinarrituriko jendartea bultzatzea dute asmo.

Ekonomia sozial eraldatzaileari loturiko ereduak hedatzen ari dira pixkanaka Euskal Herrian eta Beterri-Buruntza eskualdean ere ari dira norabide horretan pausoak ematen. 2019az geroztik martxan den Beterri Saretuz egitasmoak ekonomia eraldatzailearen balioekin funtzionatuko duen jendarte eta ekosistema enpresarial bat bultzatzea du helburu.

Aurtengo lehengo topaketa Andoainen egin zuten, Martin Ugalde Kultur Parkean. Debagoiena 2030 egitasmoko Aritz Ameztegi izan zen lehen gonbidatua. Debagoiena 2030 eskualde hartako lankidetza sare irekia da, garapen komunitarioan sakondu eta lurralde inklusibo eta jasangarria lortzeko lanean diharduena. 2019an abiatu zituen lehen pausoak eta, orain arte egindako ibilbidea azaldu zuen Ameztegik hitzaldian. Hasiera batean “entzute” prozesu sakona jarri zuten martxan, eskualdeko beharrak zein diren identifikatzeko, eta ondoren, 2020. urtetik aurrera, hainbat proiekturekin hasi ziren lanean, batez ere energia arloari eta inklusioari loturikoak. Ameztegik azaldu zuenez, gaur egun 60 eragile baino gehiago dira Debagoiena 2030eko parte; batzuek eta besteek “rol ezberdina” jokatzen dute hala ere, batzuk gobernantzari lotuta daude, beste batzuek finantzazioa lantzen dute, eta zenbaitekin hitzarmena sinatu dute

Topaketan, egitasmoaren partaideek harremanak estutzeaz gain hainbat gairen inguruan hausnartuko dute, proiektu bezala izan beharreko izaera juridikoaz, funtzionamenduaz edo finantzaketaz, besteak beste.

Formazioa da Beterri Saretuzek urtero landu izan duen arloetako bat, eta aurtengo saioak zein diren zehaztuko dute lehen topaketa honetan. Horrez gain, hezkuntza eragileekin ere lanketa berezia egiten ari dira, eskualdeko zentroetan ekonomia sozial eraldatzailea zer den ezagutarazteko, esaterako.

Iturria: Argia