Pasa den otsailaren 8an EGES eta Garapenek lan jardunaldi bat antolatu zuten Bilbon, Euskal Autonomia Erkidegoko Garapen Agentzien eta Gizarte Ekonomiako erakundeen arteko lankidetzan aurrera pausuak emateko.
Jardunaldiari hasiera eman zien Konfekoop-eko presidenteak, Rosa Lavin, eta Garapeneko (tokiko garapenerako agentzien elkartea) presidenteak, Elisabet Urbieta, hurrenez hurren, eginiko aurkezpenek. Segidan, EHLABE-ko presidenteak, Pablo Moratalla, Luis Guridiri eman zion hitza, Tokiko Giza Garapenaren inguruko hitzaldia egin zezan.
Guridi irakasleak, giza garapenaren teoria tradizional eta hegemonikoa labur eta zehazki errepasatu zuen eta honen eta Tokiko Giza Garapenaren arteko 5 desadostasun nagusiak zehaztu zituen. Azkenik, Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioaren balore, printzipio eta praktikek lurraldearekin engaiatua den Tokiko Giza Garapenean positiboki nola eragiten duten azaldu zuen.
Ondoren, esperientzia praktikoen txanda izan zen, non zenbait proiektu zehatz aurkeztu zituzten berauen partaideek: Bagara Herrigintzan (Debagoienako gizarte eraldaketa eta garapenaren alde lan egiten duen kooperatiba), KoopFabrika (zenbait gizarte eragile eta garapen agentziek martxan jarririko proiektua, ekonomia sozial berria eta ekintzailetasun soziala sustatzeko) eta Emprendes.Net (Zaragozan gizarte ekintzailetasuna sustatu eta laguntzeko baliabide zentrua).
Bukatzeko, eta jardunaldiaren xedea lortzeko, lan-mahai batzuen inguruan partaideek (Gizarte Ekonomiako sektoreko eta garapen agentzietako pertsonak, batik bat) bi alderdien arteko lankidetza nola sustatu eta estutu eztabaidatu zen.
Iturria: GEEB