'Economía Social: identidad, desafíos y estrategias' liburua argitaratu berri da Gemma Fajardo García eta Mª José Senent Vidal irakasleen koordinaziopean. Bertan, 2012an Valentzian egin zen RULESCOOP kongresuan landutako azterlanen zati adierazgarri bat azaltzen da. Euro-latinoamerikar eremuan gizarte-ekonomiaren eta kooperatiben inguruko ikerkuntza lantzeko unibertsitate sarea da RULESCOOP.
Kongresu horretan aurkeztu zituzten, eta http://www.congresorulescoop2012.es/comunicaciones/ web orrian ikusgai dauden, komunikazioez gain, jardunaldi horietako txostenak ere jaso dituzte liburuan, baita gizarte-ekonomian, ekonomia solidarioan eta Europako eta Latinoamerikako gizarte-enpresetan adituak direnen lan onenak ere.
Azterlanek, besteak beste, zuzenbide kooperatiboak mundu globalizatuan duen lekua ikertzen dute: enpresa kooperatibo eta sozialaren rola sistema ekonomikoen aldaketan; herri-ekonomia Latinoamerikako ekonomia solidarioaren jatorrian; banku kooperatiboen kontzentrazioa; hiritarren parte hartzea beren etxebizitzen sustapenean; gizarte-ekonomiaren sustapenerako programak; sektorearen etorkizuna edota unibertsitatearekin harremanak, eta abar.
Iturria: Espainiako CIRIEC.