Carrefourri 36 hipermerkatu salduta, Eroskik desinbertsioen aroa itxi du

21 martxoa, 2016 | Kategoriarik gabe

Multinazional frantziarrak emandako 205 milioi euroak zorra arintzeko baliatuko ditu kooperatibak. Supermerkatuetan eta Euskal Herrian, Katalunian, Balearretan eta Galizian zentratuko du negozioa.

Argaltze dieta amaitutzat jo du Eroskik. Bankuekin zuen zorra finantzatzeko, desinbertsio sorta bat hitzartu zuen Elorrioko kooperatibak duela urtebete, eta atzo iragarri zuen horietariko azkena: 36 hipermerkatu, 22 gasolindegi eta zortzi merkataritza galeria saldu dizkio Carrefourri.

Operazio horren bidez, 205 milioi lortuko ditu, baina gutxi iraungo dute bere kutxetan, bankuekin 299 milioi euroren zor zati bat kitatzeko erabili beharko baititu. Iaz Dia lehiakideari Madrilgo 144 supermerkatu saldu zizkion 135 milioiren truke. Aurtengo otsailean, berriz, beste 161 milioi patrikaratu zituen Eroskik, Euskal Herriko 11 supermerkaturen jabetza —baina ez negozioa— AEBetako Invesco funtsaren esku utzita.

Iazko urtarrilean bere 22 banku hartzekodunekin sinatutako itunaren arabera, aurtengo urtarrilaren 31ra arteko epea zuen Eroskik desinbertsioen bidez 300 milioi jasotzeko. Epea hilabetez atzeratu zuten, operazioa txukun itxi ahal izateko.

Negozioaren %10 galdu du
Atzo iragarritako operazioaren xehetasunek erakusten dute Eroskiren ildo berria: indartsu den guneetan kontzentratu nahi du bere negozioaren zatirik handiena —Euskal Herria, Katalunia, Balearrak eta Galizia—, eta hipermerkatuei eman beharrean, saltoki txikiagoei eman nahi die lehentasuna.

Euskal Herritik kanpo daude saldutako hipermerkatuak, horietako asko Katalunian (Sant Cugat, Cornella, Amposta, Terrassa…), eta Andaluzian (Algeciras, Antequera, Fuengirola), baina baita gure mugetatik gertu ere, hala nola Jakan (Huesca), Logroñon (Errioxa) eta Santanderren (Kantabria). Hipermerkatu horiek guztiek irekita jarraituko dute, eta oraingo langileekin, Carrefourrek orain arte Eroskirentzat lanean ari ziren langileak subrogatu baititu. Euskal Herritik kanpo batez ere kontratatutako langileekin aritu izan da Eroski, kooperatibismoa nahiko erroturik ez zegoela argudiatuta. Beste saltoki bat, Xativakoa (Valentzia), ez da salmenta operazioan sartu, eta hilabete gutxi barru itxiko du.

Saldutako hipermerkatuek Eroskiren negozioaren %8,5 zekarten, eta %10,2ra iristen da saltokietako gasolindegiak eta galeriak batuz gero. Edonola ere, Eroskik espero du negozio hori aurki berreskuratu ahal izango duela, supermerkatu frankiziatuak zabaltzen jarraitu nahi duelako, eta Zurekin denda eredu berriarekin salmentak %7 handitzea lortzen ari delako. Datu berrituen arabera, Eroskik 53 hipermerkatu, 1.288 supermerkatu (467 frankiziatu) eta hemeretzi cash&carry ditu. Horiei dozenaka gasolindegi, Forum Sport kirol dendak eta If lurrindendak batu behar zaizkio. Azken horientzat plan bat lantzen ari da.

Neurria txikitu arren, salmentak epe erdira konpainiaren errentagarritasuna hobetuko duela nabarmendu du Rosa Carabel Eroskiko sare komertzialeko buruak, etekin txikiko dendak kendu baititu gainetik. Carabelek amaitutzat jo du desinbertsioen garaia. «Aurrerantzean, geure supermerkatu propioen eta denda frankiziatuen hedapen erritmoa berreskuratuko dugu», azaldu du.

Elorrioko kooperatibak zor jasanezin baten gainean eraiki zuen bere hedapen handinahia. Duela urtebete, 2.605 milioi euroren zorra lau ataletan banatzeko berregituraketa plan bat hitzartu zuen bankuekin. Lehenik, zor nagusia dago, 791 milioikoa, eta 2019rako ordainduko du, bere negozio arruntaren irabaziekin. Bigarrenik, desinbertsioei lotutako zorra zegoen, 300 milioi, eta hori da orain kitatuko duena. Epe luzeko zorra ere badago, 948 milioirena, eta bere emaitza operatiboekin ordainduko du. Azkenik, higiezinen zorra da, 105 milioi, eraikitako merkataritza zentroak saldu ahala pagatuko du. Horrez gain, ekarpenen erosleekin zuen zorra ere bideratzen hasi da.

Iturria: Berria