Bilbo gizarte ekonomiaren munduko topaketa nagusitzat jotzen den 2018ko foro globalaren egoitza izango da

29 iraila, 2016 | Kategoriarik gabe

Bilbo izango da Gizarte Ekonomiaren Mundu Mailako 2018ko Foroaren IV. edizioaren egoitza eta arduradun publikoak eta gizarte eragileak elkartuko ditu Europan lehen aldiz.

Bilbo izango da Gizarte Ekonomiaren Mundu Mailako 2018ko Foroaren IV. edizioaren egoitza. Albistea, irailaren 7tik 9ra bitartean Montreal hiri kanadarrean egin den nazioarteko topaketa horren III. Edizioaren barruan jakinarazi da. Bertan, 1.500 pertsonak hartu dute parte, eta, horien artean, 60 herrialdetik gorako 350 hautetsi egon dira.

Bizkaiko hiriburuak jarduteko ardatz nagusien artean dauka hiri inklusibo eta integratzaileenei lotutako gizarte ekonomiako politiketan buru izatea, eta arduradun publikoak eta gizarte eragileak elkartuko ditu Europan lehen aldiz. Maila goreneko goi-bilera horri esker, enpleguan, kalitatean eta ongizatean eragina duten gizarte ekonomiaren alorreko praktika onak eta gakoak ezagutu eta partekatu ahal izango dira.

Montrealen antolatutako aurtengo edizioan Bilboren hautagaitza defendatzen jardun duen Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enpleguko zinegotziak adierazi duenez, albistea “oso positiboa da hiriarentzat, hauxe baita mundu osoan antolatzen den gizarte ekonomiaren arloko Fororik garrantzitsuena”. “Montreal baldin bada une honetan Amerikarako mundu mailako erreferentea –gaineratu du- Bilbo ere mundu mailako erreferentea izango da Europa osorako”.

Bilbok ekainean aurkeztu zuen Gizarte Ekonomiaren Mundu Mailako 2018ko Foroa hartzeko hautagaitza, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta hirugarren sektoreko eta gizarte ekonomiako eragileen babesaz. Gizarte Ekonomiaren Mundu Mailako IV. Foroaren egoitza izateko Bizkaiko hiriburua hautatu izanak agerian utzi ditu erakundeen arteko elkarlanaren eta lankidetza publiko-pribatuaren balioa, eta hirugarren sektorearekiko harreman positiboak eta egonkorrak izatearen garrantzia.

Horren erakusgarri da, Montrealen egin den III. ediziora, Maria Ubarrentxena Arrasateko Alkatea, Ibon Zugasti Mondragon Kooperatibako ordezkaria eta Txema Franco Lantegi Batuak-eko zuzendari nagusia Xabier Ochandianorekin batera bertaratu izana.

Batzorde Exekutiboa

Bilbo eskubide osoko kidea da, batzarrean bozka emateko eskubidea dauka, eta Gizarte Ekonomiaren Mundu Mailako Foroaren Batzorde Exekutiboan hartzen du parte; gizarte ekonomia solidarioaren sarean dauden tokiko gobernuei eta kideei gordetzen zaie titulu hori. 2015eko abenduan, Bilbo sarean sartu zen Ohorezko Batzordeko kide gisa, eta, 2016tik aurrera, eskubide osoko kidea da.Montrealen egin den Gizarte Ekonomiaren Mundu Mailako III. Foroan, Bilbok bat egin du International Center for Innovation and Knowledge Transfer on the Social economy-ren (CITIES) sorreran, lanerako egitasmoa ezartzeko xedez, ezagutzak eta praktika onak parteka daitezen gizarte ekonomiaren eremuan.

Gizarte Ekonomiaren Mundu Mailako Foroa

Global Social Economy Forum (GSEF) nazioarteko elkartea da, eta horren kide dira gizarte ekonomia solidarioa garatzearekiko konpromisoa hartu duten tokiko gobernuak eta gizarte zibileko eragileak. Gizarte ekonomia solidarioko erakundeen eta tokiko gobernuen artean hitzarmenak egitea errazteko asmoz sortu zen, bai kalitatezko enplegua eta hazkunde parekidea sortzea sustatzeko xedez, bai demokrazia parte-hartzaileak eta garapen iraunkorrak aurrera egiteko xedez.

Iturria: Bilboko Udala