Munduan egiten den gizarte ekonomiari buruzko foro garrantzitsuena da, eta 2018ko udazkenean egingo dute Bilboko Euskalduna Jauregian.
Lawrence Kwak Gizarte Ekonomiako Foro Globalaren idazkari nagusiak eta Xabier Ochandiano Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enplegu zinegotziak bilera egin dute gaur Bilbon, bileraren laugarren edizioa prestatzen hasteko. Munduan sektore horretan egiten den esanguratsuena da, eta 2018ko udazkenean egingo dute, Euskalduna Jauregian.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Arrasateko Udaleko ordezkariekin ere bildu da Lawrence Kwuark, baita Bilboko hautagaitza defendatu zuten hirugarren sektoreko eta gizarte ekonomiaren eragileekin ere.
Bilboko Udalak nabarmendu duenez, Bilbo Gizarte Ekonomiako Foro Globala antolatzeko aukeratu izanak "agerian utzi du erakundeen arteko lankidetzaren eta elkarlanaren garrantzia, hirugarren sektorearekin harreman positiboak eta egonkorrak izateak duen pisuaz gain”.
Foroa lehen aldiz egingo dute Europan. Beraz, "Bilboko Udalak gizartearen beharrak kontuan hartzen dituen politiketara bideratutako enpresa-eredu baten alde egiten duela bermatu du", azpimarratu dute Udalaren arduradunek.
Era berean, aipatu dutenez, Bizkaiko hiriburuaren ardatz nagusienen artean dago "hiri integratzaileagoa eraikitzeko gizarte ekonomia arloko politikak bideratzea".
Iturria: www.eitb.eus