Parte-hartzean oinarrituriko enpresen ekosistema bat sortzeko Beterri Saretuz programak lan-tresna bat sortu du, lantokietan, erakundeetan eta hezkuntza zentroetan baliagarri suerta litekeena. Joan den ostegunean, urriaren 8an, aurkeztu zuten gida Hernanin. Aurretik lan zailena egina zegoen, beste jardunaldietan hainbat esperientzia ezagutu eta parte-hartzea sustatzeko gakoak identifikatu baitituzte.
Beterri Saretuz programak Beterri eskualdeko enpresa eta eragileen artean ekosistema aitzindari bat sortu nahi du parte-hartzea oinarri duena. 2019an eman zituzten lehen pausoak eta Gipuzkoako Aldundiaren eta Beterri Buruntza Udalen laguntza ere badu.
Programa honek badu berezitasun bat: parte-hartzea tokiko garapenaren baitan kokatzen duela, enpresen lurraldearekiko inplikazioa bilatuz, “gertakari sozial eta territorial” bat diren heinean. Horrez gain, langileen parte-hartzea ere badu helburu, hala nola kapitalean, emaitzetan, kudeaketan eta erabaki estrategikoetan; baina ez askotan eman izan ohi zaion izaera edo paradigma integratzailez, baizik eta kritikoaz: “Kapitalaren eta lanaren arteko harreman asimetrikoak irauli eta langileen erabakimena, enpresaren arlo guztietara zabaltzeko”, dio sarrerako testuak.
Hain zuzen, parte-hartzea ikuspegi horretatik hartzea ekonomia eraldatzailearen funtsetako bat da, hori gabe nekez lor bailiteke barne demokraziarik enpresetan.
Hernanin aurkezturiko gidan sei gako identifikatu dituzte enpresa eta eragileekin egindako tailerretan: formazioa; ekonomia eraldatzailea eta elkartasun balioen sustapena; ahalduntzea, alderdi ekonomikoa, fiskala eta finantzarioa; pertsona erdigunean jartzea; eta egindako lanaren aitortza eta emaitzak ospatzea.
Gako bakoitza lantzeko neurri indibidual eta kolektiboak zehazten ditu gidak. Adibidez, ahalduntzearen arloan hausnarketarako gune kolektiboak sortzea proposatzen da, ezagutzen trukaketa, konfiantza elikatzea… Horretarako baliabideak, esperientziak, sustatzaileak eta iturrien erreferentziak kontsultatu daitezke gainera.
Iturria: Argia