Azaroaren 27tik abenduaren 18ra egingo da, www.merkatusoziala.eus web orrian.
Ziurgabetasunez eta aldaketaz beteriko urtea izaten ari da 2020a. Covid19ren mundu mailako pandemiak eraginda, gure bizitzak goitik behera eraldatzen ari diren ondorio sozial eta ekonomikoak utzi dizkigu.
Gauza bera gertatu da aurtengo azokarekin. Udaberriko konfinamendua, osasun-murrizketa aldakorrak eta beste konfinamendu bat izateko arriskua direla eta, aurtengo edizioa birtualki egitearen aldeko apustua egin dute.
Zer egingo da aurtengo edizioan?
Aurten, eredu ekonomiko hegemonikoa aldatzeko existitzen diren alternatibak ezagutaraztera bideratuko dira; izan ere, berriro ere, pandemia honekin, agerian geratu da ez duela funtzionatzen, eta premiazkoa dela aldatzea. Horregatik, ahaleginak adibide praktiko eta errealak ematean oinarrituko dira, pixkanaka ekonomia etikoago, demokratikoago, solidarioago, feministago eta iraunkorrago baterantz urratsak emateko.
Hainbat ibilbide eta jarduera dituen espazio birtuala
Edizio honetan, azokako leku eta jarduera tradizionalak espazio birtualetara egokitu dituzte:
- Erakusleiho birtual bat izango dute, Ekonomia Solidarioko erakundeen produktuak eta zerbitzuak ikusi eta erosi ahal izateko.
- Hitzaldien eta tailerren bidez ezagutzak zabaldu eta jakintzak partekatuko dira.
- Erakundeen arteko lankidetza garatuko dute hainbat jardueraren bitartez.
Gainera, aurten, inoiz baino gehiago, ingurumen-inpaktua murriztuko dute, material fisikoen erabilera ezabatuz eta software libreko teknologien alde eginez. Eta beti bezala, bizitza erdian jartzen jarraituko dute proposatutako jardueren bidez.
Iturria: REAS Euskadi eta Merkatu Soziala