Covid19ren ondorioz kontsumitzaileek izan ditzaketen larritasun ekonomikoen aurrean, Goiener Taldeak hainbat neurri biltzen dituen dokumentua aurkeztu du Trantsizio Ekologikorako Ministerioan eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalean (CNMC). Argindarraren faktura murriztea eta zatika ordaindu ahal izatea planteatzen dute neurri hauek.
Goiener Taldeak, 70 merkaturatzaile independenterekin batera, langabeziak edo/eta jarduera uzteak edo murrizteak eragindako ondorioak arintzeko ohiz kanpoko neurriak hartu behar dituzten kontsumitzaile guztientzat segurtasun juridikoa bermatzeko neurriak biltzen dituen dokumentua aurkeztu du. Dokumentu hori joan den martxoaren 24an aurkeztu zuen Trantsizio Ekologikorako Ministerioan eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalean (CNMC). Orain arte ez du erantzunik jaso baina Goienerrek bazkideei bidalitako gutunean adierazi duenez, “espero dugu aurki berri onak ematea, egoera berezi honi elkarrekin aurre egiteko eta ondorioak ahalik eta txikienak izan daitezen”.
Faktura murrizteko neurriak
Neurri hauen helburua da faktura elektrikoaren gastua murriztea, bezeroek ordaindu beharreko elektrizitate-horniduraren kostu finkoak murriztuz, eragindako pertsona fisiko eta juridikoen karga ekonomikoa arintzeko, eta kontratatutako potentzia egokitzeko erraztasunak emanez “modu arinean eta doan”.
Bestalde, sistema bat ezarri nahi da, beharrezkoa denean, merkaturatzaile independenteek azken bezeroari egin beharreko fakturen ordainketa zatikatzeko eta, era berean, banatzaileetara sartzeko bidesarien ordainketak atzeratu ahal izateko, ordainketa benetan egin arte.
Iturria: Argia