Arantzazun ‘Lurraldeak eta kooperatibak: Kataluniako eta Euskadiko esperientziak’ jardunaldia egin zen

28 otsaila, 2022 | Kategoriarik gabe

Arantzazun (Gipuzkoan), otsailaren 18an, KoopFabrikak antolatutako ‘Lurraldeak eta kooperatibak: Kataluniako eta Euskadiko esperientziak’ jardunaldia egin zen.

Besteak beste, Josep Vidal Generalitateko Gizarte Ekonomiako zuzendari nagusiak hartu zuen parte topaketan. Jardunaldiak OƱatiko Udalarekin, Debagoiena 2030 ekimenarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz proiektuarekin elkarlanean antolatu ziren.

KoopFabrikak azaldu duenez, topaketaren helburua izan zen Katalunian azken urteotan abian jarritako “politika publiko berritzaileak” bertatik bertara ezagutzea eta “logika horiek Euskal Herrian sustatzeko eredu propioen garapena” azpimarratzea.

Ildo horretatik, nabarmendu dute Kataluniako Generalitateak 2015. urtean abian jarritako politika publiko berritzaileek, kooperatiba-mugimenduarekin lankidetzan, “emaitza interesgarriak ematen ari direla gizarte-eraldaketan, lurralde-subiranotasunean eta kooperatiba berri batean”.

Ateneu Cooperatiusen garapena, proiektu berezien karakterizazioa edo abian jarri berri den hiri-komunitateak sustatzeko programa izan ziren Generalitateko Gizarte Ekonomiako zuzendari nagusiak jardunaldian hizpide izan zituen ekimenetako batzuk.

Topaketan parte hartu zuten, halaber, “Euskal Herrian autogestioaren arloan erreferenteak diren pertsonek” eta eguneroko lanean lankidetza-proiektu berritzaileak sortzen ari diren pertsonek; besteak beste, Leire Udabe, Elena Herrarte, Jon Sarasua eta Xabier Barandiaran.

KoopFabrika proiektua Olatukoop sarearen, Mondragon Unibertsitateko LANKI Ikasketa Kooperatiboen Institutuaren eta EHUko GEZKI Institutuaren arteko lankidetzaren bidez garatzen da.

Iturria: Europa Press-Euskadi