UPV/EHUko Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko Master Ofiziala egiten ari diren ikasleek “tour” txiki bat egin zuten Gipuzkoako gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioko errealitate ezberdinak ezagutzeko, REAS Euskadik antolaturik.
Goiz osoan zehar egindako bisitak Donostiako Amara Zaharreko auzoan hasi ziren. Bertan Goiener kooperatibak (energia berriztagarrien ekoizpena eta salmentarako sorturiko kooperatiba, zeinak 7.800 bazkide baino gehiago dituen) eta Fiare proiektua bultzatzeko Elkarteak (finantza etikoak) dituzten ofizinetara bertaratu ziren.
Jarraian Lakari proiektua ezagutu zuten, Zarautzen duten dendan. 4 pertsonek osaturiko kooperatiba da, Kontsumo-eredu jasangarria eta arduratsua, tokiko laborantza iraunkorraren biziberritzea eta elikadura osasuntsua sustatzea duelarik helburu.
Azkenik, ikasleek Emaus-en zentro berria ezagutu zuten Egia auzoan (Donostia), non bideo eta bestelako materialen laguntzaz entitate honek gauzatzen dituen proiektu ezberdinak ikusi zituzten.
Iturria: GEEB