… 2017 urtean 182 kooperatiba berri erregistratu zirela Euskal Autonomia Erkidegoan eta 731 bazkide berri metatzen dituztela? Eta hiru euskal hiriburuetan kokatzen direla erdia baino gehiago? Eta Kooperatiba berri gehienak, %70, txikiak direla?
2017 urtean Eusko Jaurlaritzako kooperatiben erregistroan 182 kooperatiba berri erregistratu ziren, aurreko urtean baino zerbait gutxiago (218 erregistratu ziren). Horietatik gehienak kooperatiba txikiak dira, %70, eta guztiotan 731 bazkide berri biltzen dira, datu azpimarragarria.
Kooperatiba berriok Bizkaian sortu dira gehienbat (%55), Gipuzkoak jarraitzen diolarik (%37), eta Araba delarik kooperatiba berri gutxien sortu den lurraldea 2017 urtean (%8).
Euskal Autonomia Erkidegoko ehun ekonomikoaren ezaugarri den hiriburuetako garrantzia begi bistakoa da kooperatiben kasuan ere. Izan ere, batez ere Bilbon (65 kooperatiba), Donostian (22) eta Gasteizen (8) kontzentratzen dira erregistratu berri diren kooperatiba guztien erdia baino gehiago, %52a zehazki. Gipuzkoako ertzean aurkitzen den Irun udalerriaren kasua ere aipagarria da, non 9 kooperatiba erregistratu diren, Arabako hiriburuan baino bat gehiago.
Kooperatibok biltzen dituzten bazkideei dagokienez, gehienak 2-3 langilekoak dira (normala, kooperatiba txikien proportzioa kontuan hartuz), baina badira bazkide ugariko zenbait kooperatiba ere. Honela, 6 kooperatibetan bazkide berri guztien %31 metatzen dira, hots, 228 bazkide. 731 bazkide berri hauen artean, gehiengoak (%60) gizonezkoak dira, emakumezkoak %37 dira eta entitateak oso urriak (%3).
Kooperatiba motari dagokionez, lan elkartukoak dira sortzen diren gehienak askogatik (%76), EAEko kooperatiba ehunaren ezaugarri ezberdingarria delarik beste lurraldeekin alderatuz. Jarraian etxebizitzakoak aurkitzen dira (%20) eta gainontzekoak oso urriak dira: kontsumoko eta irakaskuntzako bina kooperatiba berri erregistratu dira, baita esplotazio komunitarioko bat ere.
Jardueraren inguruan aniztasun handiagoa aurkitzen dugu kooperatiba berriotan. Hala ere, esanguratsua da nola eraikuntza sektorean kooperatiba guztien %40 metatzen diren. Jarraian Jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak (%12) eta Informazioa eta komunikazioa; Merkataritza; Ostalaritza; Hezkuntza arloko jarduerak aurrera eramaten dituzten kooperatibak aurkitzen dira, azken hauetariko bakoitzak sorturiko kooperatiben %7 suposatzen dutelarik gutxi gora behera. Manufaktura industriako kooperatibak zertxobait gutxiago dira, %5,5 inguru.
Iturria: GEEB