“Euskokart” txartela aterako du euskoak martxoaren amaieran

28 otsaila, 2017 | Kategoriarik gabe

Aurrerantzean, euskoak etxetik eskuratu ahal izango dira Euskokart txartel berriaren bitartez. Oso erraza da, www.euskokart.org webgunean sartu eta “Eusko Kontua” ireki baino ez da egin behar. Behin kontua irekita, bertan nahi den diru kopurua ezarri (eusko bakoitzak euro bateko balioa dauka) eta Eusko Sarea osatzen duten saltegietan erosketak egin ahal dira.

Euskal Moneta elkarteak egin duen azken urrats hau ez da batere erraza izan, «arau traba handiak izan» baitira, baina bi urteko ibilbidearen ostean lortu dute sistema homologatu bat martxan jartzea. Izan ere, kreditu txartel bat kaleratzea ez da edonork nahieran egin dezakeen zerbait. Banketxeentzat arazo bat izan daiteke eta, hortaz, irizpide zorrotzak bete behar dira banku eta kutxek onartuko duten txartel bat egin ahal izateko.

Edonola ere, Euskal Monetako kideek aspaldi ezarritako helburuetako bat gauzatzea lortu dute eta tokiko diru «ekologiko, euskaldun eta solidarioa» indartzeko bidean, «aurrerako urratsa izango da».

Informazio gehiago (gazteleraz), hemen.

Iturria: REAS Euskadi – GARA