Urte amaierak balantzea egiteko uneak izan ohi dira. Agurtzen ari garen 2016 trantsizio urtea izan da OVES-GEEB egitasmoarentzat. OVESen arduraduna den GEZKI Institutuan, OVES berrindartzeko erabaki estrategikoa hartu genuen, behatokiaren hiru lan esparruak aldi berean indartuz: sozioekonomikoa, juridiko-politikoa, eta zientifiko-akademikoa.
Aro berriari hasiera eman diogu 2016an, eta pozik gaude lehen fruituekin. Urtean zehar, une eta arlo desberdinetan eguneroko lanean aritutakoei esker, gehien bat Irati, Ane, Leire, Aratz, Mikel eta Jon.
Egindako urratsak ikusgarri daude OVESeko web orrian. Arlo sozioekonomikoan, Gizarte Ekonomiako figura desberdinen behaketan sakontzen ari gara, eta datu ofizial desagregatuak lortzeko saioan gaude, gure ikerketen aukeretan urrats kualitatiboa eragingo lukeen pausua. Arlo juridikoan, aurten nazioartean egon diren erreferntzia nagusiak jarraitu, eta Euskal Herrian emandako berrikuntza nagusiak aipatu eta aztertu ditugu: Fundazioen Legea, Hirugarren Sektorearen Legea, edota Oinarriren integrazioa Elkargin. Arlo zientifikoan, hasi gara sistematizatzen gure arloko aldizkari eta argitalpenak.
Egindakoa esplikatu diegu urte amaiera honetan OVESeko Batzorde Aholkularira bertaratu diren ordezkariei, ondoko erakundeen izenean: Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, KONFEKOOP, ASLE, EHLABE, REAS eta GIZATEA. Harrera positiboa eduki du abiatu dugun ibilbide berriak eta horrek, noski, pozten gaitu.
Orain, ate joka daukagu 2017. Balantzea alde batera utzi eta erronka berriei ekiteko unea. Iparrorratza ondo bideratuta dugula sinistuta, dugun elkarlan giroak baikor egiten gaitu, eta 2017ari gogotsu ekingo diogu.
Gabon zoriontsuak eta urte berri ona guztiontzat,
Aitor Bengoetxea
GEZKIko Zuzendaria