IK4-Ikerlanen batzar nagusia

18 maiatza, 2015 | Kategoriarik gabe

2014ean 40 urte bete zituen zentro teknologikoak bere batzar nagusia antolatu zuen, joan den maiatzaren 14ean, Arrasateko Garaia Polo berrikuntza gunean.

Marcelino Caballero zuzendari nagusi duen Zuzendaritza Kontseilu berriak zentro teknologiko kooperatiboa garatzeko proiektu berria gauzatu nahi du. Helburua zentro teknologikoaren eredua bezeroen behar teknologikoetara egokitzea da; zentroko pertsonen indarra sustatuz, eta talentuaren garapenerako eredua mantenduz.

Halaber, ekimenean, IK4-Ikerlaneko presidentea Iñaki Aranburuk, eta zuzendari nagusiak, Marcelino Caballerok, 2014ko balantzea egin zuten. Batetik, aipatu zuten IK4-Ikerlanek 17,8 milioi euro ingresatu zituela, aurreko urtean baino pixka bat gutxiago, eta fakturazio maila eta enpresekin egindako kontratazio zuzenen ehunekoa, diru-sarreren %60koa guztira, industriaren beharrekin parekatzen ari dela argi uzten duela nabarmendu zuten. Bestetik, zentroan 250 pertsonez osatutako taldea finkatzea eta ikertzaileen formakuntzen jardueretan ahalegina mantentzea lortu dute.

Azkenik, aipatu zuten etorkizuneko IK4-Ikerlanen erronketako bat eremu europarrean baliabideak lortzea dela, zentroan biziki ari baitira lanean eremu horretan eragile nagusi izateko. 2014ean Europako 15 proiektutan parte hartu zuten; eta horietako hiruren arduradun izan ziren, bezeroei zuzendutako etorkizuneko irtenbideen garapenean funtsezkoak diren gaietan, esaterako, elektronika txertatua, fabrikazio aurreratua eta eraginkortasun energetikoa.

Iturria:TuLankide