Enpresetan langileen parte-hartzea bultzatzeko programa berri bat jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak

9 otsaila, 2015 | Kategoriarik gabe

Eusko Jaurlaritzak, Innobideak 2015 estrategiaren barne, programa berri bat sortu du enpresetan langileen parte-hartzea bultzatzeko. Egitasmo horrek euskal enpresen berrikuntza sustatuko du teknologia alorretik at. Modu horretan, Innobideak-Pertsonak programa lagungarria izango da enpresen jardueran langileen partaidetza suspertzeko zenbait eremutan: kudeaketa arloko erabakietan, irabazien banaketan edota enpresaren kapital ekonomikoaren parte izateko aukeran.

Egitasmoak milioi bat euroko aurrekontua du, eta gutxienez 20 lanpostu dituzten enpresei dago zuzendua. Otsailaren 2an argitaratu zuten Innobideak estrategiaren barruan aurki daitekeen programa da. Zehazki, bi laguntza mota eskaintzen diete industria, zerbitzu tekniko eta komunikazioaren eta informazioaren gizarte arloetako enpresei: bata diagnostikoa eta diseinua egin eta prozesuan zehar laguntza eskaintzera bideratua dago, eta proiektuaren kostuaren %50 finantzatzen du, 60.000 eurotan muga jarriz; bestea, berriz, prozesuan laguntza ematean datza eta, horrek ere, kostuaren %50 ordaintzen du, gehienez 30.000 eurora arte. Bi kasuetan, konpainiako bertako langileak eta kanpoko enpresa adituak kontratatzeko gastuei aurre egiteko diru-laguntza ematen dute.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun saileko egitasmo berri hau 2013-2016 industrializazio planaren barruan dago; eta Innobideak Lehiabide edota Kudeabide bezalako berrikuntzarako planekin bat egiten du. Azken horiek 2,4 eta 1,2 milioi euro izango dituzte, hurrenez hurren, eta iaz 275 proiektu babestu zituzten.

 

Iturria: OVES-GEEB