MONDRAGON korporazioak lanpostu kopurua mantentzea lortu zuen 2014an. Guztira, 74.117 pertsonek egiten dute lan taldeko kooperatibetan (urtebete lehenago baino %0,1 gehiago). Zehazki, industri kooperatibak dira nagusi; oro har, 2013an baino 957 lanpostu gehiagorekin amaitu zuten iaz (657 barne merkatuan eta 300 atzerrian).
Oro har, Mondragon korporazioa osatzen duten enpresek eta kooperatibek 10.985 milioi eurotara iritsi ziren salmentan (aurreko urtean baino %1,4 baino gutxiago). Inbertsio zifra aipagarria da, iaz 345 milioi eurotik gorakoa izan baitzen.
Mondragoneko industri kooperatibek 31.736 langilerekin lan egin zuten, eta 2014an, guztira, 4.754 milioiko fakturazio izan dute eta 191 miloi euroko emaitza (aurreko urtean baino %80 gehiago). Gainera, iaz 247 milioi euro inbertitu zituzten industri kooperatibetan. Nazioartean hedatzearen aldeko apustua dela eta, kanpoko merkatuko salmenta industri esparruko %71koa izatera heldu da. Zentzu horretan, iaz Txinan, Indian, Estatu Batuetan, Mexikon eta Brasilen ezarri ziren; beraz, badira ekoizpenerako 125 eskumendeko enpresa atzerrian (duela urtebete baino hiru gehiago). Gainera, industri esparruan merkatu nazionalaren susperraldia egiaztatu dute, azken urteotan lehen aldiz salmentek gora egin baitute aurreko urtearekin konparatuz (%1,7) 1.400 milioi eurotara iristeraino.
Berrikuntzaren aldeko Mondragonen apustua ezagutzaren eremuan egiazta daiteke, aurten, 145 milioi euro inbertitu baitira I+G alorrean. Balio erantsia %8,93an handitu dute eta guztizko salmentak %3,07an. Esparru horretan 15 entitate daude eta 1.700 langile. Horrez gain, produktu eta zerbitzu berrien salmentak 620 milioi eurora iritsi ziren, salmenta zifra osoaren %13. Datu esanguratsua da Mondragonek indarrean dauzkan patente familien kopurua. Guztira, 479 familia dira; hau da, Euskal Autonomia Erkidego osoko %25. Korporazioak Europako 30 I+G lankidetza programatan baino gehiagotan dihardu. Gainera, MANU-KET Espainiako Fabrikazio Aurreratuko Plataforma Teknologikoa gidatzen du, eta fabrikazio aurreratua eta etorkizuneko teknologiak integratzen ditu: material aurreratuak, bioteknologia, fotonika, mikro-elektronika eta nanoteknologiak.
Iturria: TULANKIDE