Oinarri EBB 20 bazkide babesle izatera iritsi da NER Group akzionista bilakatzearekin batera

21 martxoa, 2016 | Kategoriarik gabe

Elkarrekiko berme-baltzuak 3.500 bazkide parte-hartzaile baino gehiago ditu, eta ia %60 gizarte-ekonomiaren arlokoa da.

Oinarri EBB 20 bazkide babesle izatera iritsi da NER Group sozietatean sartzearekin batera. Azken horrek finantzaketa eskaintzen die enpresa txiki eta ertainei, autonomoei, kooperatibei, lan-sozietateei eta gizarte-ekonomiako beste enpresei. Oinarri sozietateko administrazio-kontseiluak berriki sinatu du NER Group enpresa-elkartea euskal berme-baltzuko bazkide babesle bilakatzeko hitzarmena.

Koldo Saratxaga bultzatzaile duen eta sektore ekonomiko desberdinetako 22 euskal enpresa biltzen dituen NER Group Oinarrin sartzearekin batera, 20 bazkide babesle izatera iritsi da sozietatea. Gainera, ia 3.600 bazkide parte-hartzaile ditu berme-baltzuak, eta horien %60k gizarte-ekonomiarekin lotura du. Egun, Oinarri EBBk euskal gizarte-ekonomiako kolektibo ordezkariak ditu bazkide babesle. Horrez gain, akziodunen artean daude hiru foru aldundiak, Kutxabank, Laboral Kutxa eta Santander bankua, baita hainbat euskal, kataluniar eta aragoar enpresa-talde ere. "NER Group bazkide babesle garrantzitsua da, barne dituen erakundeek euskal ekonomiari egiten dioten ekarpena dela eta", jakinarazi du Laura Matak, Oinarri EBBko Negozio Garapenerako zuzendariak. Hark azpimarratu duenez, elkarlan hitzarmen berriarekin, Oinarrik "biderkatu egingo du Kutxa NERek babesten dituen proiektuetara bideratzen diren finantza-baliabideen eragina".

NER Groupek sortutako barne-finantzabidea da Kutxa NER. Enpresa bazkideen urteroko ekarpenekin sortutako laguntza-programa da, eta taldeko erakundeen hedapen beharrak bultzatzea du xede, baita zailtasun momentuetan babesa eskaintzea ere. NER Groupek euskal enpresa txiki eta ertainei eskaini nahi dituen laguntza gizartean ikusarazten lagunduko du Oinarri EBBrekin hitzartutako kolaborazioak. Halaber, Matak aditzera eman duenez, Oinarriren jarduera abal-emailea garatzen lagunduko du enpresen finantzaketan erreferentziazkoa den bazkide babeslea edukitzeak. Oinarri elkarrekiko berme-baltzua autonomoen eta enpresa txiki nahiz ertainen finantzazioan espezializatua dago, baita gizarte-ekonomiako enpresen babesean ere (kooperatibak, lan-sozietateak, eta abar).

Guztira, 3.500 enpresa bazkide baino gehiago dituen elkarte hau Estatuko elkarrekiko berme-baltzuen artean seigarren postuan dago emandako abal kopuruari dagokionez. Bestalde, NER Group enpresa-elkarteak 1.900 langile inguru ditu eta sektore ekonomiko ezberdinetako 22 euskal enpresak osatzen dute.

 

Iturria: 20minutos