DSS2016ko egitasmoaren baitan , Mondragon Unibertsitateko Lanki Ikertegiak kooperatibismoa eta honen balioak lantzeko eta jendartean ezagutzera emateko proiektu batean lanean hasi da, kooperatibigintzaren eta ekonomia sozialaren inguruko hainbat eragile eta erakunderekin. Euskal kooperatibagintzak azken hamarkadetan lanaren antolaketan, ekonomian edo hezkuntzan izan duen eragina aztertu eta artearen bidez sozializatzeko helburua duen diziplina arteko proiektu honetan, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko kide diren GEZKI, MIK eta IECek ere bat egingo dute.
Lankik ondo menderatzen du kooperatibismoaren gaia, baina kasu honetan proiektuak ñabardura berezi batzuk ditu: umeekin ere lan egingo da eta lanketa guztiaren emaitzarekin antzezlan bat plazaratuko da udazkenean. Horretarako, Teatro Paraiso-rekin elkarlanean dabiltza. Azkeneko hogeitamar urteetan eraldaketa soziala antzerkiaren bitartez gurean eta atzerrian bultzatzen ari den talde gasteiztarra. Proiektuaren ezaugarriek eta diziplina desberdineko eragileekin lan egiteak Lankiko zuzendari den Eneritz Pagaldayren hitzetan, asko aberastu du proiektua: “Kooperarock pentsatzeak, diseinatzeak eta gauzatzeak ahalbideratzen digu logika eta lan egiteko modu oso desberdinak elkarrizketan jartzea”.
Lankik proiektuaren diseinu osoa egin du eta gizarteratze lan estandarra landuko du eta Teatro Paraiso konpainiak berriz, Lankik antolatutako ekintzetan parte hartu eta Lehen Hezkuntzako haurrei zuzendutako antzezlana gauzatuko ditu. “Bi eragileok elkarri elikatzen diogu, ez dira bi bide paralelo; umeekin lanketa egiterakoan ondorio batzuk helduen lanketara eraman nahi ditugu eta helduenetatik umeenera ere zubia egitea, haurrei ezagutza ere transmitituz eta helduekin ere alderdi emozionala landuz” azaldu du Pagaldayk.
Proiektuaren baitan aurreikusi diren ekintzak lau gaien inguruan ardaztuko dira: hezkuntza, lana, eraldaketa soziala eta elkartasuna. Kooperatibigintzaren hastapenetan abiapuntu eta oinarri izan direnak. Horretarako, Deustuko Unibertsitatea, UPV/EHU eta Mondragon Unibertsitateko ikasleekin hausnarketa eta elkartrukerako guneak sortuko dira, ekintzailetasun soziala eta ekonomia alternatiborako urratsak REAS eta Olatukoop sareekin egingo dira eta ekainero Lankik antolatzen dituen Kooperatibigintza Topaketetan ere izango du lekua proiektuak, besteak beste. “Ekimen honek balio digu, baita ere, gure arteko sareak sortu eta aurretikako harremanak biderkatzeko; elkarrekin bidea egiten jarraitzeko, alegia”, ondorioztatu du Eneritz Pagaldayk.
Prozesuaren nondik norakoak herritarrekin partekatzen ari dira ere dagoeneko, sare sozial eta webguneez gain, ARROSA Irrati Sarearen kide den Info7 irratia eta ARGIArekin bideratutako elkarlanari esker.
Proiektuak iraunkortasunarekin duen konpromisoari erantzunez, 2016a pasa ostean ere antzezlanak Euskal Herriko agertokietan jarraituko du eta, bestetik, antolatutako ekintzetako testigantzak eta emaitzak ere formatu ezberdinetan jaso eta zabalduko dira eragile, erakunde eta herritarren artean.
Maider Iriarte
Lankidetzaren Ikertegia (LANKI)
Mondragon Unibertsitatea