Garapen Kontseilua eta Pyrène Euro-institutoaren eskutik “Muga jan edo elikatu? Elikadura mugaldean, bertakoa urrunekoa denean” bi eguneko jardunaldi izan zen joan den urriak 16 eta 17, Baionako UPPAn eta Donostiako EHUko campusean, hurrenez hurren. Bertan izan ginen parte hartzen eta ekimena sustatzen GEZKIko hainbat kide. Hemen ekimenaren programa osoa: https://iparralde2040.org/?Imugaelikadura
Jardunaldiak mugaldeko laborantza eta elikaduraren erronkei buruzko gogoeta eta hausnarketa kolektiboan sakontzea zuen helburu, arlo desberdinetako ikuspegiak gurutzatuz. Hainbat galdera eta hausnarketa mahai gaineratu ziren, besteak beste: mugaz gaindikoak nola lagundu dezakeen trantsizio sozio-ekologikoan; mugaz gaindiko elikadura sistemaren eskala eta horren antolaketari eragiten dioten faktore ekonomiko, geografiko, historiko eta zuzenbideari lotutakoak; euskara ere Kilometro 0 bada!; euskal herriko eskalan lurralde-artekotasunaren hurbiltasunak dituen aukera estrategikoak eta gobernantza erronkak.
Halaber, jardunaldiak lurra hartu zuen, eta funtzionatzen ari diren ekimen kooperatibo konkretuak ezagutzeko aukera eman zuen eta dispositibo berriak garatzeko proposamenak ere ekarri zituen.
Egun aberatsak eta lankidetza berriak jorratzeko parada izan genuen, arlo eta bizipen desberdinak gurutzatuz. Gogoetak eta solasaldiak interesgarriak izan ziren, biziki baliagarriak!