Bordelen egin den CIRIEC nazioarteko kongresuan parte hartzea baliatuta, Gezki (UPV/EHU) eta Sciences Po Bordeaux-ko Émile Durkheim Zentroko kideok elkarlanaren jarraipen eta dinamizazio bilera egin genuen, Euskampus LTC Incubator – EkosoziLab proiektuaren esparruan.
Topaketaren helburua egindako bidea baloratzea izan zen, eta hurrengo urratsak zehaztea. Lehen urtean, proiektua sareak sortzera eta bi erakundeetako ikertzaileen arteko harremanak sendotzera bideratu zen. Horren ondorioz, bi lan-talde eta bi ponentzia sortu ziren, nazioarteko kongresuan aurkeztu zirenak, eta horietako bat aipatutako CIRIEC International kongresuan saritua izan da Nazio Batuetako UNTFSSE Ana María O’Neil sariarekin.
Orain, Euskampus-en berritze prozesuaren zain, asmoa orain arte egindakoa sendotzea da, eta emaitza zientifikoetan sakontzea, artikulu eta monografia akademikoen bidez, nazioarteko aldizkarietan argitaratzeko helburuarekin.
Pixkanaka sendo ari den lankidetza da hau, Bordele eta Euskal Herriko erakundeen arteko zubi akademiko eta soziala indartzen duena, eta Gezkiren nazioarteko ikuspegia berresten duena ekonomia sozial eta kooperatiboaren garapenaren alde.