GEZKIren 40. urteurrenaren ospakizuna (1984-2024)

15 azaroa, 2024 | Kategoriarik gabe

Zuzenbide Kooperatiboaren eta Gizarte Ekonomiaren Institutuaren 40. urteurrena ospatu zuten atzo Donostian, GEZKIren egoitzan, Carlos Santamaria zentroan.

Institututik gure eskerrik beroenak adierazi nahi dizkiegu ekitaldira joan ziren pertsona eta erakundeetako ordezkari guztiei, baita lau hamarkada hauetan zehar erakunde hau babestu eta lagundu dutenei ere. Aukera berezia izan zen Institutuaren ibilbideaz hausnartzeko eta bide horretan gure ondoan egon diren eragileekin batera mugarri hori partekatzeko.

Irekiera-ekitaldian parte hartu zuten Elena Pérez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak, Eusko Jaurlaritzaren izenean; Montse Maritxalar Graduondoko eta Etengabeko Prestakuntzako errektoreordeak, UPV/EHUren izenean; eta Aitziber Etxezarreta Etxarri GEZKI Institutuko zuzendariak, azken erakunde horren izenean.

Sylvia Gay, GEZKI Institutuaren sortzaileetako bat eta egungo kolaboratzailea, izan zen Institutuaren hastapenak gogora ekartzeko arduraduna. Ekitaldian zehar, omenaldi hunkigarria egin zitzaion, egindako lana eskertzeko, eta ohorezko txapela bat eman zitzaion GEZKIren izenean, esker onaren sinbolo gisa. Hitzaldian, Sylviak eskerrona adierazi zuen bide hori partekatzeagatik, eta gutun bat irakurri zuen Koldo Gorostiagaren izenean, hura ere Institutuaren sortzaileetako bat izan baitzen.

Ondoren, “Bira Produkzioak”-ek ekoiztutako bideo bat proiektatu zen, Institutuaren mugarri esanguratsuenak errepasatu eta bere historia irudien bidez islatu zuena.

Goizean zehar, Institutuaren gaurkotasunari buruz hitz egin zuten EHUko irakasle eta Institutuko kide diren Aitor Bengoetxea, Aitziber Etxezarreta eta Mikel Zurbanok.

Jarraian, CIRIEC-Españako Jose Luis Monzónek Gizarte Ekonomiako institutu batek gaur egungo testuinguruan dituen erronka nagusiak azaldu zituen.

GEZKI Institutuko kolaboratzaileen lana ardatz duen mahai-inguruak Euskadiko Gizarte Ekonomiako pertsona erreferenteak bildu zituen. Parte-hartzaileen artean, Jokin Diaz, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendaria; Marta Enciso, Deustuko Unibertsitateko Ikasketa Kooperatiboa institutuko kidea; Ainara Udanondo, Mondragon Unibertsitateko LANKI institutuko kidea; Patxi Olabarria, Kooperatiben Kontseilukoa; Jone Nolte, ASLEkoa; Pablo Moratalla, EHLABEkoa; Joana Revilla, GIZATEAkoa; Rosa Lavín, KONFEKOOPekoa; Silvia Piris, REAS-Euskadikoa eta Gorka Julio, Olatukoop sarekoa.

Ekitaldiari amaiera emateko, Aitziber Etxezarreta GEZKIko zuzendariak, Julen Izagirre idazkari akademikoak eman zioten, Oskar Estangaren ikuskizun musikalarekin batera, ekitaldiaren gakoak umorez azaltzeko.

Eskerrik asko guztioi!

Iturria: OVES/GEEB