‘CIRIEC-España, Revista de Economía Pública, Social y Cooperativa’ aldizkariaren 111. zenbakia argitaratu da, generoari eta gizarte-ekonomiari buruzko monografikoa
‘‘CIRIEC-España, revista de economía pública, social y cooperativa’ JCR Q3 aldizkariaren ale berri baten on-line bertsioa eskuragarri dago. Alea “Generoa eta Gizarte Ekonomia” gaiari buruzko monografikoa da, Saioa Arando (Mondragon Unibertsitatea) eta Carmen Marcuello (Zaragozako Unibertsitatea) irakasleek koordinatua, eta 12 unibertsitatetako 32 egilek egindako 11 artikulu biltzen ditu. Artikulu horiek deialdi publiko baten bidez hautatu ziren, eta hogeita hamar bat artikulu aurkeztu ziren.
Genero berdintasunak erronka izaten jarraitzen du munduko herrialde gehienetan. Zenbait lorpenekin aurrera egin den arren, oraindik ere erronka garrantzitsuak daude arlo horretan. Gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunaren arrakala nabarmena da bizitzako hainbat alderditan: osasunerako eta hezkuntzarako sarbidean, kontziliazioan, gizartean parte hartzean eta, baita, lan esparruan ere, bai enpleguan parte hartzean, bai organo eta erabakiguneetara sartzerakoan.
Testuinguru horretan, gizarte-ekonomiak erakutsi du gai dela erronka horiei aurre egiteko gizarte-eraldaketako prozesuen bidez, demokrazia ekonomikoa, justizia ekonomikoa eta soziala indartuz, pertsonak eta komunitateak ahaldunduz eta kapital soziala indartuz. Hala ere, aitortza hori jaso arren, oraindik ere anbiguotasunak eta erronkak daude ikuspegi feministak gizarte-ekonomiaren printzipioekin erabat integratzeko orduan. Era berean, hainbat lanek uste dute teoria feministak aberastu egin ditzakeela ekonomia sozialaren praktikak, lan erreproduktiboaren eta zaintzaren garrantzia azpimarratuz, horrela merkatu produkzioan zentratutako ikuspegi ekonomiko tradizionalari desafio eginez.
Hori dela eta, monografiko honen helburua da ekonomia sozialaren eta genero-berdintasunaren ikerketan dagoen arrakala estaltzea, ekonomia feministaren ikuspegitik. Monografiko honetako artikuluek, gizarte-ekonomiako entitateen (kooperatibak, laneratzeko enpresak, lan-sozietateak) errealitate ezberdinak ikustarazteaz gain, ekonomia feministaren hainbat aldarrikapen ere jorratzen dituzte: genero-berdintasun eraginkorra lortzeko arauen garapena, emakumeen parte-hartzea ekonomiaren eremu guztietan, erabakitzeko organo eta postuetara sarbidea, eta lan- eta familia-bizitzaren kontziliazioa.
Hala ere, artikuluak argitaratzeko hautatutako taldeetako bat GEZKI eta HEGOAko kideek osatutakoa izan zen. Hain zuzen ere, Global care chains and empowerment through the social economy: women’s participation in care cooperatives ikerketa argitaratu dute Amaia Garcia-Azpuruk, Julen Izagirre-Olaizolak, Aitziber Etxezarreta-Etxarrik, Liseth Diaz Molinak.
Iturria: CIRIEC