Lan eta Enplegu Sailak 2,1 milioi euroko diru-laguntza deialdia egin du Gizarte Ekonomiarako, zehazki, bazkideak arlo horretako enpresetan sartzeko, prestakuntzarako eta laguntza teknikorako.
Lehenengo laguntza-lerroa gizarte ekonomiako enpresetan bazkide langile bihurtuko diren pertsonak sartzea sustatzea du helburu, batez ere lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan. Hartara 695.000 euro bideratuko dira. Lau kolektibori zuzenduta dago: langabetuak, gizarte ekonomiako enpresa batean lan kontratua duten eta bazkide langile izatera pasatzen diren langile ez bazkideak; desgaituak; eta gizarte ekonomiako sozietateetan bazkide gisa sartzen diren nekazaritza, abeltzaintza, eta baso ustiategietako titularrak.
2023an, 380.622 euro eman ziren, eta laguntza hori 253 hartzailek jaso zuten guztira: 48 pertsona desgaituk, nekazaritza, abeltzaintza eta antzeko ustiategien 21 titularrek, eta gizarte ekonomiako enpresetan besteren kontura lan egiten zuten 184 pertsonak, enpresa horietako bazkide langile bihurtu zirenak.
Bestalde, 970.000 euro bideratuko dira Gizarte Ekonomiako prestakuntzarako. Honakoei loturik izango dira: kooperatibismoari edo lan-sozietateei buruzko prestakuntza-jarduerak (unibertsitate aurreko edota sozietate, unibertsitate eta lanbide-heziketako esparruetan), eta dibulgazio- edo ikerketa-jarduerak.
Hirugarren deialdia Gizarte Ekonomiako enpresetan laguntza teknikoa emateko diru-laguntzak dira, eta 440.000 euroko zuzkidura du. Zehazki, honako jarduera hauek finantzatzera bideratuko dira laguntzak: Urteko Kudeaketa Plana egitea eta ezartzea; bazkideei bermeak emateko aldez aurreko azterketa ekonomiko-finantzarioa egitea; kooperatiben eta lan-sozietateen merkataritza-kudeaketan berariazko aholkularitza ematea; gerentziari laguntzeko zerbitzu espezializatuak kontratatzea; zailtasunak dituzten enpresak suspertzeko planak; erakundeak eraldatzeko tresna berriak ezartzea; digitalizaziorako tresnak, ingurumen-arloko hobekuntza-ekintzak eta erakunde elkartuei bermeak emateko aldez aurretik egin beharreko finantza-azterketa.
Iturria: IREKIA