Euskal Monetak ia 70.000 eusko banatu ditu erabiltzaileek babestutako 44 elkarteren artean

31 urria, 2023 | Kategoriarik gabe

Biarritzen egin zuten Eusko Elkarteen Eguna. Guztira 69.672 euro banatu dituzte tokiko moneta babesten duten elkarteen artean. AEK izan da iaztik gehien hazi den elkartea, 2.531 eusko jasota.

Eusko Elkarteen Eguna egin zuten urriaren 14an, Biarritzeko Surfrider Foundation-en egoitzan. Elkarteen finantzabideen inguruan aritu ziren, hainbat ekarpen teoriko eta praktiko uztartuta. Elkarteetako arduradunei zuzenduta zegoen hitzordua, tokiko monetaren kide izan ala ez. Marka guztiak hautsi dituzte eta errekor berria bete dute: 69.672 euro eman dizkie tokiko monetaren erabiltzaileek babesturiko 44 elkarteri.

2013az geroztik 315.000 eusko baino gehiago eman zaizkie hainbat arlotan aritzen diren 70 elkarteri. AEKk 2.531 eusko jaso ditu, hazkunde handiena izan duen elkartea bihurtuta (iaz baino 863 eusko gehiago). Bestalde, PAF (Alternatiba Feminista baten alde) eta Alda elkarte berriek ere izan dituzte irabaziak.

Euskal Moneta elkarteko lehendakari Xebax Christyk adierazi zuen “elkartasuna” dela Ipar Euskal Herriko tokiko monetaren “balio nagusietariko” bat: “proiektu honen abantaila da denentzat onuragarria dela. Elkarteentzat finantzamendu osagarri bat da, eta jendea bultzatzen du euskoa erabiltzera. Hala, elkarte bat hautatu eta babestean, lurraldearen interes orokorraren alde ere egiten da”.

Iturria: Argia