EAE-ko hirugarren sektore sozialak 40.000 enplegatu ditu ia, eta 160.000 boluntario baino gehiagoren partaidetza bideratzen du

21 abendua, 2022 | Kategoriarik gabe

Pasa den abenduaren 15ean Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren 2021eko Barometroa aurkeztu zen Gasteizen. Dokumentu horrek EAEko hirugarren sektore sozialaren identitateari, ezaugarriei, jarduerari, pertsona inplikatuei edo baliabideei buruzko informazioa batzen du. Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu zuenez, aukera ematen du, era berean, “Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokiak egiten duen gizarte-ekarpena ezagutzera eman eta gizarte-eraldaketarako funtsezko eragile gisa aintzatetsi dadin sustatzeko”.

2021eko Barometrotik ondorioztatzen da EAEko hirugarren sektore soziala 4.117 erakundek eratzen dutela: 2.341 Bizkaikoak, 1.176 Gipuzkoakoak eta 600 Arabakoak. Alegia, EAEko 1.000 biztanle bakoitzeko, 1,88 erakunde omen daude.

EAEko hirugarren sektore soziala eratzen duten erakundeek 40.000 enplegatu dituzte ia, eta 160.493 boluntario baino gehiagoren partaidetza bideratzen dute.

Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokiko Lucía Merinok eta Iker Fernándezek zehaztu zutenez, erakundeen % 56,5ek ordainpeko pertsonak dituzte lantaldeetan, eta haietako % 43,5 boluntarioek eratzen dituzte osorik. Zehazki, ordainpeko langileak erakundeen % 14,4an baino ez dira gehiengoa.

2021eko Barometrotik ondorioztatzen denez, 2020an erakunde horiek 1.712 milioi euroko bolumen ekonomikoa kudeatu zuten, EAEko BPGd-aren % 2,4ren baliokidea. 

2021eko Barometroan jasotzen den beste alderdi interesgarri bat da hirugarren sektoreko erakundeen % 35,5ek 20 urteko edo gehiagoko ibilbidea dutela.

Zerbitzuen hornikuntza eta gizarte-eginkizuna

EAEko hirugarren sektore soziala eratzen duten erakundeen kolektibo nagusia, baina ez bakarra, askotariko hartzaileak dira, eta haien artean honako hauek nabarmentzen dira: haurrak, nerabeak eta familiak (% 19,7); adinekoak (% 14,7); desgaitasuna duten pertsonak eta haien familiak (% 11,9), eta emakumeak (% 10,7).

Iker Fernándezek azaldu zuenez, sektoreko erakundeek ematen dituzten zerbitzuen artean, nabarmentzekoak dira informazio- eta orientazio-zerbitzuak, aisiako eta astialdiko jarduerak, gizarteko eta hezkuntzako esku-hartzea, prestakuntza eta hezkuntza, garapen komunitarioa eta esku-hartze psikosoziala.

Gaur egungo gizarte-testuingurua aldakorra da, eta, hiru urtean baino ez, mundu-mailako pandemia bati edo Europa barruan milaka pertsonak behartuta lekuz aldatu behar izatea ekarri duen gerra bati egin behar izan die aurre. Hala, Artolazabalek nabarmendu zuen EAEko hirugarren sektore soziala, “sektore bizi eta dinamikoaren ezaugarriari” eusteaz ez ezik, “indartuta” ere irten dela, “lankidetza publiko-soziala eta elkarrizketa zibila” indartu diren bezala.

EAEko hirugarren sektore sozialaren indarra, sailburuaren hitzetan, “hura eratzen duten pertsona eta erakunde guztien konpromiso etenezinean” oinarritzen da. Herritarren ekimen libretik sortutako erakundeak dira, herritarren, oro har, eta, bereziki, kalteberatasun-egoera bereziari aurre egiten dioten pertsona, familia, kolektibo edo erkidegoen elkartasuna eta gizarte-partaidetza bideratzen dutenak”.

Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokiaren 2021eko Barometroak erakusten duenez, erakunde horien % 43,3 pertsona eta/edo familia hartzaileek berek zuzenean eratutako erakundeak dira. Hala ere, txosten berak dio haietako ia % 29k honako adierazpen hau dutela: haien xedeak interes orokorra sustatzera bideratzen dira eta jarduera ez da soilik zuzentzen elkartekideei on egitera.

Erronkak

Artolazabalek, era berean, EAEko hirugarren sektore sozialeko erakundeek datozen urteotarako identifikatzen dituzten erronka nagusiak ere azaldu zituen. Haietako nabarmenena belaunaldi-txandakatzearen kudeaketa da, baina badaude, esan zuenez, garrantzi bereko beste erronka batzuk ere, besteak beste: erakundeei euskarria ematea; erakundeen arteko lankidetza sendotzea eta administrazio publikoarekin eta beste eragile sozial batzuekin aliantzak sortzea; eraldaketa digitala ezartzea; gizarte-berrikuntza bultzatzea edo aldatzen ari den gizarte-errealitateko premia berrietarako erantzun eraginkorrak bilatzea.

Iturria: Irekia