Batzorde Iraunkorrak eta Kontseilu Orokorrak dokumentu bat bidali diete kooperatibei, “Oronako eta Ulmako organoek irekitako barne prozesuekin lotutako alderdi batzuk argitzeko”. MONDRAGONek dio “gai honi modu eraikitzailean heltzeko modu bakarra dagoela: elkarrizketa”.
MONDRAGONek Oronako eta Ulmako organoek irekitako barne prozesuei buruzko “gogoetak” bidali zizkien azaroaren 21ean kooperatiba guztiei. Prozesu horiekin lotutako alderdi batzuk argitzeko asmoz, mezuak funtsezko lau ideia ditu oinarri: lehenik, MONDRAGON bere kooperatibek – guztiek – erabakitzen dutena izango dela; bigarrenik, Orona eta Ulma organoen proposamenaren laburpen bat; hirugarrenik, MONDRAGONeko organoek proposamen horren inguruan duten jarrera; eta, azkenik, elkarrizketarako deia, egoera bideratzen saiatzeko.
Printzipio demokratikoak
Komunikatuaren hasieran, “MONDRAGON bere kooperatibek erabakitzen dutena izango da” adierazten du, printzipio demokratikoen arabera zuzentzen dela azpimarratuz. Eta adierazi duenez, “edozein aldaketa egin daiteke elkarrizketatik, eztabaida informatutik, denbora nahikoarekin eta kooperatiba eta dibisio guztiak ordezkatuta dauden organoen gehiengoak errespetatuz”.
Orona eta Ulmaren proposamena
Bi kooperatibek ekainaren 3an planteatutako harreman-esparru berri baten proposamena deskribatzen da, “aldaketa sakona dakarrena gaur egun MONDRAGON den horretan, 2022ko Kongresura eramateko eskakizunarekin”. Planteamenduak figura berri bat proposatzen du – kooperatiba hitzartua –, eta horrek esan nahi du Kongresuari atxikitako oinarrizko kooperatiba izateari uzten diotela, orain arte bezala, Kongresuak onartutako arauak aplikatzen ez zaizkiela, kooperatiba guztien arteko lankidetza- eta elkartasun-mekanismoetan oro har parte hartzen ez dutela eta MONDRAGONekin izan daitezkeen lankidetza-esparru eta -konpromisoak urteko hitzarmen batean ezartzen direla.
MONDRAGONeko organoen posizionamendua
Batzorde Iraunkorra eta Kontseilu Orokorra bat datoz esatean “horrelako planteamendu sakon batek, MONDRAGONen kontzeptua bera aldatzen duenak, Kongresua eratu zenetik egin den berrikuspenik handiena ekarriko luke”. Ondorioz, “lan eta hausnarketa prozesu lasaia, sakona eta parte hartze handikoa beharko luke”.
Eta, azkenik, Oronan eta Ulman irekitako barne prozesuei dagokienez, adierazi dute “gaiari modu eraikitzailean heltzeko modu bakarra dago, eta hori elkarrizketa da”. Beste behin, dokumentuak azpimarratzen du ” MONDRAGONeko organoak elkarrizketarako prest gaude, inolako erreserbarik gabe eta etengabe, MONDRAGONeko organoetara ORONAren eta ULMAren asistentzia berreskuratzeko eskatuz eta horien organo sozialekin bilerak eskatuz, azken batean, haien proposamenak eztabaidarako irekitzeko”.
Komunikatu osoa esteka honetan irakur dezakezu.
Iturria: TUlankide