Beterri-Buruntzako hainbat enpresa eta eragile biltzen dituen ekimenak otsailaren 24an aurkeztu zituen bere ekintza-plana eta aurtengo helburuak Usurbilen. 2019an sortu zen, eta eskualdean parte hartzeko proiektuen ekosistema sustatu nahi du, ekonomia eraldatzailearen balioekin bat eginez.
Antolatzaileek azaldu dutenez, partaideen artean izandako eskakizun nagusietako bat izan da praktikara pasatzea interkooperazioaren bidez, eta zeregin horri ekin nahi diote orain.
Badira hiru urte ekonomia eraldatzailean oinarrituriko hainbat enpresa eta eragile elkartzen hasi zirela Beterri-Buruntza eskualdean, euren artean esperientziak trukatu eta ekimenak martxan jartzeko, eskualdean eragiteko helburuz. Ekimen horietako bat izan zen parte hartzean oinarrituriko ekosistema enpresarial bat sortzen hastea, eta ibilbide horretan gero eta pauso sendoagoak eman dituzte.
2019an Hernaniko Oronan egindako jardunaldi batzuekin abiatu zen Beterri Saretuz, eta ondorioztatu zuten enpresetan parte hartzea sustatzeko funtsezkoa dela jabetza edo erabakitzeko gaitasuna norena diren ikustea, eta lan-harremanetan “bertikaltasuna” saihestea. Denbora honetan sarea egituratzeko fasean aritu dira lanean; horretarako Gipuzkoako Aldundiaren eta Beterri-Buruntza Udalen laguntza izan dute. Horrez gain, enpresetan parte hartzea sustatzeko gida sortu dute, beste eskualdeetako proiektuen berri izan dute, eta formakuntza jaso dute ahalduntzearen edo interkooperazioaren inguruan.
Joan den urtean Usurbilen egindako beste saio batean agerian geratu zen interkooperazioaren garrantzia oraingoa bezalako krisi garaietan, eta kapital metaketa hutsetik ihes egiten duen eredu bat bultzatzeko, lurraldean bertan dauden proiektu eraldatzaileak elkar zaindu eta elikatzea dela gakoetako bat. Astigarragan amaitu zuten ikasturtea, etorkizuneko sarea josteko saio praktiko batekin, eta bide batez, aurtengo helburu eta erronkak finkatu zituzten.
Ekintza-plana eta aurtengo helburuak aurkezteaz gain, parte-hartzaileek zirriborro-proposamen bat jaso zuten dekalogo bat egiteko. Dekalogo horrek esperientziak partekatzen jarraituko du, ekonomia eraldatzailearen balioen bidez lurraldeko ekonomian eta gizartean eragiteko.
Iturria: Argia, Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza