2020an sortu berri da Maitelan kooperatiba. Lehenik, Hernaniko Iturola garapen agentziako teknikariek eskatuta, ikerketa lana egin zuen EHUko Gezki institutuak, Beterri-Buruntza eskualdeko zaintza beharrak aztertuz. Horren ostean, duela bi urte, Hernaniko Amher SOS Arrazakeria taldeak eta Iturolak elkarlanean prozesu bat bultzatu zuten emakume migratuekin. 30-40 emakume biltzen ziren larunbatero eta denen artean identifikatu zituzten zaintza sektoreko hutsuneak: prekarietate nabarmena, kontraturik gabeko lanak, 900 euroren truke 24 orduz lan egiten zuten etxeko langile internoak… Prozesu horretan aukera ikusi zuten kooperatibizatuta sektorea eraldatzeko.
Prozesua hasi zuten 30-40 emakume migratuetatik, zazpi egin ziren langile bazkide: horietatik lau formalak dira eta beste hiru erregularizatu gabe daude (paperik ez dute), baina Maitelaneko egituretan parte hartzen dute erabakimen eta eskubide berberekin. Kooperatibara batzeko pausoa eman ez zuten gainerako langileekin lan poltsa sortu dute eta puntualki, langile bazkideek ezin dutenean zerbitzu bat burutu, lan poltsa horretara jotzen du Maitelanek.
Baina bazkide langileez gain, badira beste bi bazkide mota: erabiltzaileak (zerbitzua jasotzen dutenak) zortzi dira, hauetatik bost norbanakoak eta hiru erakundeak.
Maitelanen helburua sektorea duintzea da, zaintza prekaritate estruktural horretatik ateratzeko. Horretarako, sortu orduko hitzarmen bat lantzen hasi ziren, lana duinduko zuten estaldura sozialak (oporrak, paga extrak…) bermatzeko. Baina oraindik ez dute helburu hori lortu. Kooperatibako koordinatzaile den Ernesto Fernándezek aitortu du badirela lan baldintza hobeak dituzten enpresa neoliberalak.
Zaintza lanaz gain garbiketa sektoreari ere eutsi diote hasieratik, “langileei gutxieneko egonkortasuna emateko. Zaintzaren sektorea oso aldakorra baita, garbiketa zerbitzua berriz, ez”. Soldatak kooperatibizatu nahi izan dituzte, hau da, egiten zen lana edozein izanda ere, orduko kobratzen zen kopuru gordina bera izatea. “Baina bi hitzarmen horiek txanpon beraren bi aurpegiak dira: garbiketakoa oso indartsua, eta zaintzakoa askotan existitu ere egiten ez dena”. Garbitasun hitzarmeneko soldata zaintzakoan aplikatuz gero, konturatu dira ezin dutela merkatuko prezioetan lehiatu: “Horregatik, urtarrilerako bereizi egingo ditugu zaintza lanak eta garbiketakoak, ezberdin kobratuko da. Galdutako bataila bat da, baina ezin da bestela egin”.
Maitelanen beste helburu bat papergabeen egoera kooperatiba bidez erregularizatzea da. Hor ere zailtasunak handiak dira: “Erregularizatu nahi dugun pertsona bakoitzeko kooperatibak 10.000 euroko kapital soziala izan behar du, eta horrez gain gutxienez lanaldiaren %80ko kontratu bat pertsona horrekin”.
Iturria: Argia