Urriaren 10ean ospatu dute Eusko Elkarteen Eguna Donapaleun. Karia horretara, 38.500 eusko baino gehiago banatu dizkiete 55 elkarte ezberdinei.
“Euskoaren %3ko dohaintza tokiko monetaren kide diren elkarte guztiek jaso dezakete, baldintza bakarra, elkarte honen babestea hautatzen duten gutxienez 30 eusko kide ukaitea da. Orduan, Euskoak elkarteari jarraitzaile guztiek urte osoan euskoz egindako erosketa guztien %3ko dohaintza egiten dio”. Horrela funtzionatzen du Ipar Euskal Herrian garaturiko tokiko monetak. Hori horrela, 55 elkartek dute 30 eusko kide baino gehiagoren sostengua. Aurten, Eusko Elkarteen Eguna kari 38.674 eusko banatu zaizkie.
Ondoko hiruak dira eusko gehien jasotzen dutenak: Les Amis d’Otsokop supermerkatu parte hartzaile eta kooperatiboa –2.259 eusko–, Baionako Ikastolen Lagunak deitu Baionako bi ikastolen elkartea –2.901 eusko–, eta, azkenik, Bizi!, larrialdi ekologikoa eta jendarte justiziaren alde lan egiten duen mugimendu altermundialistak –3.411 eusko–.
Euskal Herriko elkarte bizitzaren sostengatzea Eusko proiektuaren muinean dela dio moneta kudeatzen duen Euskal Moneta elkarteko zuzendari orokorra den Dante Edme-Sanjurjok: “Kirola, kultura, euskara, elkartasuna, ingurumena, eta beste: elkarteek gure lurraldea animatzen eta garatzen dute, engaiamendua bultzatzen dute, jendeen arteko loturak azkartzen dituzte, eta horretarako Euskoa elkarteekiko sostengu tresna gisa sortu dugu”. Hori konkretuki elkarteei laguntza bideratuz gauzatzen dela gehitzen du Edme-Sanjurjok. Hain zuzen, 2013az geroztik, 130.000 eusko baino gehiago banatu ditu elkarteak Euskal Herriko elkarteei.
Iturria: Argia