REAS Euskadi Ekonomia Feministako VI. Jardunaldian

30 iraila, 2019 | Kategoriarik gabe

Irailaren 5, 6 eta 7an Valentziako Unibertsitateko Ekonomia Feministako Katedrak antolatutako Ekonomia Feministako VI. Jardunaldian parte hartu du, “Paradigma feminista eta bizitzarekiko bidezko trantsizioak” izenburupean. REAS Euskadik mahai-inguru eta ekintza politikoko batzordean parte hartu du eta, horrez gain, jardunaldia osatu duten hainbat proposamen aurkeztu ditu.

REAS Euskadin denbora luzea daramate, kapitalaren edo irabazien zerbitzura ordez, bizitzaren zerbitzura dauden ekonomiak sortzeko lanean eta gure jardunbide nahiz erakundeetan bizitza erdigunean jartzeko zereginean, eta horretarako, ezinbestekoa da Ekonomia Feministatik eta feminismoetatik datozkigun gakoak txertatzea. Hori dela eta, era aktiboan parte hartu du bestelako gizarte eredu batera modu bidezko eta jasangarri batean nola igaro birpentsatzeko garrantzia berezia duten jardunaldi honetako 6 arlotan: 1) zaintza, 2) neoliberalismoa deseraikiz, 3) ekofeminismoa eta aldaketa klimatikoaren larritasuna, 4) politika publikoak, 5) genero ikuspegia duten aurrekontuak eta 6) erresistentzia feministak eta aldaketarako estrategiak.

Edukiak gaiaren araberako 13 paneletan garatu ziren, aldibereko 6 saioko bloketan banatuta. Aurkeztutako proposamenen kopurua (116) eta kalitatea, ezbairik gabe, gizarte eredua aldatzeko helburua duten aldarrikapenen aniztasunak eta eskaera feministek sortzen duten interes gero eta handiagoaren adierazgarriak dira; baita ekonomia ortodoxoari eta mundu akademikoa eta botere politikoen erdiguneak menperatu dituzten merkatuaren fundamentalismoari alternatibak bilatzen dizkioten ekimenen hazkuntzaren adierazgarriak ere.

REAS Euskadik, mahai-inguru eta ekintza politikoko batzordean modu aktiboan parte hartzeaz gain, hainbat proposamen aurkeztu ditu jardunaldiko antolakuntzan:

“Erresistentzia feministak eta aldaketarako estrategiak” deituriko ardatzean, ekoSolFemek −REAS Euskadiko ekonomia feministako taldeak− , Colectiva XXKk eta Equipare Koop. Elk. Txikiak dinamizatu dute “Geure erakundeak ikuspegi feministaz birpentsatuz” antolatze kolektiboko tailerra. Bertan bizitzarekiko egokiak diren erakundeak sortzeko helburuarekin ekonomia solidarioan zein Bizigarrin egindako lana partekatu ahal izan dute, REAS Euskadik genero ekitatearen alde 2015ean hasi zuen antolakuntzaren goitik beherako eraldaketa azalduz.

Ardatz horretan bertan ekonomia solidarioaren azken aleko orriak aurkeztu ditu, 6.alea hain zuzen ere, “Eraiki, zaindu eta bertan bizi: praktika feministak ekonomia solidarioko erakundeetan”. Orri hauetan, emakume eta gizonen bizitzarako egokia eta beste identitate eta egiteko eretatik sortua den erakunde eredu baterantz igarotzeko, Ekonomia Sozial eta Solidarioan praktikan jartzen diren hainbat irismenetako tresnen eta gailuen bilduma bat aurkezten da.

Informazio guztia eta sortuko diren materialak orrialde honetan egongo dira eskuragarri: https://femeconomiafeminista.com/congres2019/

Iturria: REAS Euskadi