Azoka Plazaren etorkizuneko proiektuak aurkeztuko dituzte otsailaren 2an

31 urtarrila, 2019 | Kategoriarik gabe

Ekitaldi irekia egingo dute Azpeitiko Azoka Plazan, 12:00etan hasita, Aurrera begirako egitasmoen berri emateko eta orain arteko ibilbidearen balorazioa egiteko. Azoka Plazako talde eragileko kideek herritar oro gonbidatu dute hitzordura.

Azoka Plazaren etorkizuneko proiektuak aurkeztuko dituzte datorren larunbat eguerdian, otsailaren 2an. Aurkezpena Azoka Plazan bertan egingo dute, 12:00etan hasita. Azpeitiko Udalak azaldu duenez, Azoka Plazaren etorkizuneko proiektuak lantzeko talde eragilea sortu du erakundeak, Azoka Plazako produktuak zabaltzeko proiektuak garatzeko. Bertako kide dira Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Elikagunea eta Urkome. Talde eragileak egingo du zapatuko aurkezpena, eta emandako pausoak zein aurrera begirako egitasmoak azalduko dizkiete Azoka Plazako erabiltzaileei, eragileei eta bertaratzen diren herritarrei. Larunbateko ekitaldia “xumea” izango dela esan du Udalak, eta bi zati izango dituela. Alde batetik, Azoka Plazarekin harremana izan duten eragileen, norbanakoen, taldeen, erosleen eta ekoizleen iritziak jasotzen dituen bideoa emango dute. Bideo horrekin orain arteko ibilbidearen balorazioa egin nahi dute.

Bestetik, bertako produktuen kontsumoa sustatzeko eta lehen sektorea indartzeko Azoka Plazak bultzatuko dituen proiektuen berri emango dute talde eragileko kideek. Haiek azaldu dutenez, herritar askori esker hartu du “martxa ona” Azoka Plazak, baina oraindik “lan ugari” dituzte egiteko: “Azoka Plazak hasiera ona izan badu ere, oraindik lehen sektorearen dinamizazio ekonomikorako urrats asko ditugu emateko”. Udalak herritar oro gonbidatu ditu zapatuko aurkezpenera.

Iturria: Uztarria.com