100 buletina: Gizarte Ekonomiaren bilakaerari gainbegirada

31 martxoa, 2017 | Kategoriarik gabe

Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiak 100 buletin jaulki ditu 8 urteko ibilbidean zehar. Abagune egokia izan liteke Sektoreak urte guzti hauetan izan duen bilakaerari arreta jartzeko. Datuei jarraituz, Gizarte Ekonomiako erakundeek gainerako enpresa “tradizionalek” baino hobeto eutsi diote enpleguari urte latz hauetan.

2009ko uztailan behatokiak bere lehen buletina jaulki zuen. Gizarte Ekonomiaren inguruan albiste izan zirenak jaso eta Sektorea osatzen duten errealitate ezberdinek batak bestearen berri izateko eta elkarlana sustatzeko ahaleginean lehen pausuak ematen ziren.

Lehen ale horretan albiste izan zen bat ekarri nahi izan dugu gaurkora. “Azterlan batek ezagutzera eman du ezgaitasuna duten hiru pertsonatik batek lan egiten duela soilik” zioen izenburuak. EHLABEk bultzatu eta GEZKI eta CIRIEC Institutuek burututako azterlanak 2006 urteko datuak zituen oinarri. Orduan, 60.000 pertsona zeuden lanerako adinean eta 20.000 lanean. 2014ko datuen arabera, 64.400 pertsona ziren lanerako adinean zeudenak eta horietatik 25.423 pertsonak egiten zuen lan enpresaren batean, hau da, %39,5ak. Urte zalapartatsuak izan arren gizartean, enpleguari eustea lortu dute sektoreko erakundeek, bai eta zertxobait hobetu ere.

Familiako gainontzeko kide-erakundeek bilakaera ezberdina izan dute urte hauetan zehar.

Krisi garaia gogorra izan da EAE-ko kooperatibentzat. Mondragon Korporazioko ikurra zenaren jausiak, sistema kolokan jarri eta kooperatibagintzaren erroetan dauden baloreekiko koherentziak duen garrantzia islatu zuen, etapa berri bati hasiera emanez. Hala ere, egoera zailei aurre egiteko indarra badutela erakutsi dute, urte hauetan lanpostuek kooperatibetan bilakaera positiboa izan baitute: 2009an 55.121 pertsonek egiten zuten lan hiru Lurralde Historikoetako kooperatibetan eta 2016ko abenduaren 31an 57.815 pertsonek.

Honetaz gain, aipatzekoa da 2016ko maiatzean Gobernu kontseiluak Kooperatiben euskal legearen aurreproiektua onartu zuela, emango den hurrengo urratsa Legebiltzarrean eztabaidatzea delarik. Testu berri honen helburu nagusia, segurtasun juridikoa areagotzea izango da kooperatiba-sozietateen barne nahiz kanpo harremanetan.

Euskadiko Lan Sozietateen bilakaerari dagokionez, 2009an 11.444 pertsonek egiten zuten lan entitate mota hauetan, eta 2016an berriz, 6.876 pertsonek. Tamalez, enpleguaren kopurua nabarmen jaitsi da, hala ere, 2016ko datuak positiboak izan dira, EAE-ko Lan Sozietateetan enpleguak %2,95eko igoera izan baitu aurreko urtearekin alderatuz (Espainia mailan, berriz, %1eko igoera). Bestalde, erakundeon eskakizunei jarraiki, 2015 urtean Lan Sozietateen Lege berria onartu zen, garai berrietara egokitzeko pausu esanguratsua izan delarik.

Gizarteratze enpresei dagokienez, 2009tik 2015ra enpleguan izandako bilakaera positiboa izan da, 2009an gizarteratze prozesuan zeuden 365 pertsonek egiten zuten lan entitate mota hauetan, eta 2015ean 387 pertsonek. Krisi garaia gogorra izan arren, gure erkidegoko gizarteratze enpresek enplegua mantentzea lortu dute.

Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarte eta Fundazioetako enpleguaren inguruko datuak ere positiboak dira. 2010ean 12.448 pertsonek egiten zuten lan entitate hauetan, eta 2014an 14.075 langile zeuden. 2016 urtea garrantzitsua izan da, bereziki fundazioentzako, EAEko Fundazioen Legea onartu baitzen; arau berri honek segurtasun juridiko handiagoa ematen die eta entitate mota hauen sorrerarako eskubidea indartzen du.

Kreditu Kooperatibetako enpleguaren bilakaerari dagokionez, 2009an 2.395 langile ziren, eta 2015an, berriz, 2.116 langile. Zazpi urte hauetan zehar, langile kopurua bulego kopuruarekin batera, gradualki jaitsi da, tartean egon den fusioa (Ipar Kutxa eta Euskadiko Kutxaren artean) dela eta, hein handi batean. Bestalde, Oinarri Elkarrekiko Berme-Elkarteko enpleguaren datuak onak dira, urte hauetan langile kopurua mantendu bai dute: 2009an 19 langile ziren eta 2015ean 20. Ikusteko dago Elkargi eta Oinarriren arteko fusioak Sektorean duen eragina.

Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeek (BGAE) bilakaera aipagarria izan dute lanpostuei dagokienez. Izan ere 2009an 85 langile izatetik 2015 urtean 101 langile izatera pasa dira. 

Eraldaketarako Nekazal Erakundeek (ENE) eta Arrantzale Kofradiek urte latzak jasan dituzte krisiaren eraginez eta enpleguak izan duen bilakaeran nabarmen igarri da. Erakundeon inguruko datuak urriak dira, baina aztertutako datuen arabera enplegu kopurua jaitsiz joan da eta 2014an ENEetan 239 pertsonek egiten zuten lan eta Arrantzale Kofradietan 68k. 

Gizarte Ekonomiaren familiaren barnean eboluzio ezberdinak eman dira, halabeharrez, erakunde mota eta jarduera ezberdinak biltzen dituen Sektorea baita. Hala ere eta orokorrean, krisi urte latz hauetan irmo eusteko gai izan dira, gainontzeko enpresa kapitalista-tradizionalen aldean. Horren isla da, Gizarte Ekonomiako erakundeen lanpostuen garrantzia EAE-ko enplegu totalean handiagotu egin dela 2009 – 2015 epealdian, adibidez.

 

Ane Etxebarria Rubio – OVES/GEEB

Aratz Soto Gorrotxategi – OVES/GEEB