«Behatu ezagutzeko. Lankidetzan aritu eraldatzeko»
2026ko urriaren 21a
📍 Iruñea

Kooperatibismoaren eta Ekonomia Sozialaren III. Mugaz Gaindiko Topaketak Nafarroako, Euskadiko eta Akitania Berriko erakunde publikoetako ordezkariak, sektoreko eragileak eta ikertzaileak bildu zituen Iruñean.
COALEA gunean egindako jardunaldian, politika publikoen, ekintzailetza kolektiboaren eta ezagutzaren sorreraren arloetan mugaz gaindiko lankidetzak dituen erronka eta aukerei buruzko esperientziak eta hausnarketak partekatu ziren.
Topaketa OTESS (Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Mugaz Gaindiko Behatokia) Europako proiektuaren esparruan egin zen. Proiektua Interreg POCTEFA programaren bidez finantzatzen da, eta bertan parte hartzen du Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) GEZKI Institutuak. Proiektuaren helburua Nafarroako, Euskadiko eta Akitania Berriko ekonomia sozialari buruzko informazio- eta adierazle-sistema partekatu bat garatzea da.

Jon Morandeira, GEZKIko ikertzaile eta Ekonomia Sozialaren Euskal Behatokiarekin (OVES) lotutako aditua, Euroeskualdeko beste ikertzaile batzuekin batera, ekonomia sozialaren ikerketari eta behaketari eskainitako mahai-inguruan parte hartu zuen. Bere hitz-hartzean azpimarratu zuen ikerketa aplikatuak eta behatokiek duten garrantzi estrategikoa ekonomia soziala ikusarazteko eta sendotzeko.
Jardunaldia CRESS, ANEL eta KONFEKOOP erakundeen arteko konpromiso bateratu baten sinadurarekin amaitu zen. Akordioaren helburua lankidetza indartzea eta ekimen partekatu berriak sustatzea da.