Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren Batzar Nagusia

urria 15, 2020 | Kategoriarik gabe

Pasa den asteazkenean, KONFEKOOPek bere Batza Nagusia egin zuen Gasteizen. Bertan, 2019ko jarduerari errepasoa egiteaz gain, bere berregituraketa azaldu zuten, euskal esparru ekonomikoan kooperatiben interesen defentsan duen papera nabarmenduz.

2020ko Batzar Nagusia KONFEKOOP izendapenarekin antolatutako lehena izan zen, 2019an Erkide eta Euskadiko Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Federazioaren artean izandako fusioaren ondorioz sortua, eta lehen aldiz jarduera ekonomiko guztietako Kooperatibak erakunde berean batzen dituena. Ekitaldian, desberdintasunak ezabatu eta enpresa demokratikoagoak eta parte-hartzaileagoak eraikitzeko Euskal Eredu Kooperatiboak duen eginkizuna azpimarratu zen.

Rosa Lavin KONFEKOOPeko Lehendakariak 2019an, eta bereziki COVID-19aren pandemiak kolpaturiko 2020. urtean euskal Kooperatibek izan duten papera nabarmendu nahi izan zuen. COVID-19aren pandemiak kooperatiba guztiak kolpatu ditu modu batera edo bestera. Gauzak horrela, testuinguru honetan Kooperatiben jarduerak eragindako inpaktu positiboak gora egiten jarraitzen du, eta aurreko krisialdietan bezala, Kooperatiben erresilienteagoak dira, egoera konplexuetatik ateratzeko gaitasun handia erakusten dutelarik.

Rosa Lavinek azpimarratu Zuenez, “Enpresa Kooperatibak ezinbesteko eredua bihurtu da lanpostuak sortzeko, hazkunde jasangarria lortzeko eta enpresa-barruan gizarte-balioak sustatzeko”. Horregatik, KONFEKOOPek susperraldi ekonomiko eta sozialerako eragile nabarmen gisa, bere burua eskaintzen die beharrizana izan dezaketen erakunde ezberdinei.

Bestalde, Agustin Mendiola, KONFEKOOPeko Zuzendariak, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren 2019ko balantzea azaldu zuen. 2019a Kooperatiben Lege berriaren onarpenarekin itxi zen, eta testuinguru honetan, KONFEKOOPek lege berri hori ezagutu eta erakundeen estatutu sozialak 2020ra eta 2021era begira egokitu ahal izateko formazio prozesu bat abiatu du.

Aurreko sasoiaren balantzea eginez, oro har, 2019a positiboa izan da: 2018an baino 111 kooperatiba gehiago bildu dira Konfederaziora, urtea 1.233 kooperatibarekin bukatuz. Gainera, joan den sasoian, orotara kide diren kooperatibek 2.193 lanpostu berri sortu zituzten.

Batzar Orokorra Agustin Mendiolak KONFEKOOPeko zuzendari gisa erretiroa hartu aurretik parte hartu duen azkena izan da. Horregatik, merezitako omenaldia egin zitzaion kooperatiben arloan egindako ibilbide luzeagatik.

Omenaldiaren ondoren, Iñigo Urkullu lehendakaria izan zen Batzar Nagusiaren itxiera emateko arduraduna. Bere hitzetan, KONFEKOOPi erreferentzia zuzena eginez, “Hazkunde ekonomikoa eta hazkunde pertsonalak bat egin behar dute, beraz, bat gatoz hazkunde ekonomiko jasangarri eta kalitatekoan lan egiteko helburuarekin”.

Gainera, ekitaldia bukatzerakoan, bertaratutakoek eta jardunaldia streaming bitartez jarraitu zutenek“Kooperatiba ereduaren abantailak gizarte eta enpresa ingurune berrian” ponentziaz gozatu ahal izan zuten, Luis Miguel Jurado, Lan Elkartuko Kooperatiben Espainiako Konfederazioko (COCETA) -ko Presidentearen eskutik.

Bere hitzaldian, Juradok azpimarratu nahi izan zuen COVID-19aren birusaz gain, gure gizarteak beste birus batekin bizi behar duela, beldurrarekin hain zuzen ere, “eta horregatik, egoera horren aurrean, inoiz baino gehiago sendotu behar ditugu balio kooperatiboak, beldurra geldiarazteko eta paralisira ez iristeko”.

Iturria: KONFEKOOP