UPV/EHU-ko “Ekonomia Sozial eta Solidarioko” Master ofizialari hasiera eman zaio

15 urria, 2020 | Kategoriarik gabe

Pasa den urriaren 2an, EHU-ko Ekonomia Sozial eta Solidarioko Masterraren irekiera-ekitaldia egin zen. Bertan, behin Masterreko batzorde akademikoak aurkezpen txiki bat eginik Jokin Díaz, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sozial Zuzendariak parte hartu zuen hasierako irekieran hitz batzuk egiten. Hitzaldi nagusia, aldiz, Luismi Uhartek eman zuen, EHUko irakasle eta ikertzaileak.

Hitzaldiaren titulua “Ekonomia alderdi popularretik birpentsatzea. Ikaskuntza kolektiboak Latinoamerikatik”, izan zen, titulu bereko liburu kolektiboari erreferentzia eginez.

Honela, oroar unibertsitate zein gizarteko esparru nagusienetan ekonomia ikuspegi indibidualista (eta kapitalista huts) batetik aurkezten den bitartean, ekonomia kolektiboki pentsatu eta eraikitzearen beharraz jardun zuen hasiera batean Uhartek.

Jarraian, ekonomiaren eredu alternatibo bat eraiki nahi duten enpresak sakon aztertzeko aipaturiko liburuan funtsezkotzat jotzen dituzten 4 dimentsio azaldu zituen: kudeaketa-eredua, produkzio-erreprodukzio baldintzak eta loturak (bizitzaren jasangarritasuna), ingurunearekiko konpromisoa eta Estatuarekiko harreman-eredua.

Dimentsio horietatik abiatuta, Latinoamerikako zenbait herrialdetako esperientzia zehatz azaldu zituen. Batetik, Venezuelako Caracas hirian kokaturik dagoen “El Panal” Komuna eta, bestetik, Kubako Habana hiriburuan aurkitzen den arropa garbitegi hiri-kooperatiba bat. Biak ala biak esperientziak oso iradokitzaileak, kontraesanak alde batera utzi gabe, bizigarriak kontrakorrontean ibiltzeko eta emantzipazio-haziak ereiteko.

Iturria: GEEB