KONFEKOOP ez da Lanbideko Administrazio Kontseiluan egongo

urria 31, 2019 | Kategoriarik gabe

PNV, PSE eta PP alderdi politikoek EH Bildu-k aurkezturiko proposamena baztertu dute, zeinarekin Lanbideko Administrazio Kontseiluan enpresa erakundeei dagozkien arloan kooperatiben presentzia ziurtatu nahi zen. Gaur egun Confebask-ek soilik parte hartzen du eremu horretan.

Erabakia Euskal Autonomia Erkidegoko Kooperatiben Lege berria tramitatzen duen ponentziaren baitan hartu da eta EH Bilduren haserrea eragin du, zeinak Confebasken gurariei men egitea leporatu dien gainontzeko alderdi politikoei.

Sektorearen aldetik, KONFEKOOP-ek ere (Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa) bere desadostasuna azaleratu du, izan ere kooperatiben ordezkaritza Lanbideko Administrazio Kontseiluan egotea Euskal Kooperatiba Mugimenduaren eskakizun historikoa baita, irailean argitaratu zuen prentsa oharrean adierazten zuen bezala (hemen, gazteleraz), zeinak erantzuna eman zion Confebask-ek Eusko Legebiltzarrera bidalitako gutunari.

Gainera, esan beharra dago Nafarroako Lanbideren parekide den Nafar Lansaren kooperatibek badutela ordezkaritza.

Aipatzekoa da, era berean, erabakia Confebaskeko presidente Eduardo Zubiaurrek Gasteizko Legebiltzarrera eginiko bisitaren ondorengo egunetan hartu dela, Bakartxo Tejeria presidentearekin elkarrizketatu zelarik.

Zubiaurreren iritziz EH Bilduk eginiko proposamen batzuk “legalitatearen, errealitate ekonomikoaren eta sen onaren aurkakoak ziren”, nahiz eta Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridikoak legezkoa zela bermatu zuen.

Bukatzeko, Empresa XXI egunkarian jasotako KONFEKOOP eta Confebask-en iritziak jasotzen ditugu, hemen (gazteleraz).

Iturria: Gara, KONFEKOOP