Interkooperazioa helburu, enpresa parte-hartzaileen ‘Beterri Saretuz’ ekimena martxan da berriz

otsaila 12, 2021 | Kategoriarik gabe

Ekonomia eraldatzaileko Beterri Saretuz programaren bigarren ikasturteari ekingo diote Beterri-Buruntza eskualdean, enpresetan benetako parte-hartzea sustatzeaz gain, sarera eragile gehiago erakartzeko ezagutza saioak egingo dituzte.

Ekonomia sozial eta eraldatzaileko zutabeetako bat, langileen parte-hartzea lantoki eta proiektuetan, etengabe elikatu beharreko lurra dela jakitun, Beterri Saretuz egitasmoko antolatzaileek bigarren urtez aktibatu dute partaidetzan oinarrituriko ekosistema sortzea helburu duen programa.

Iazko ikasturtean jarri zuten martxan sare hori, parte-hartzearen inguruan kezkaturik zeuden Beterri-Buruntza eskualdeko hainbat enpresa eta eragilek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapeneko, Turismo eta Landa Inguruneko departamentuak eta Beterri-Buruntza Udalek lagunduta. Hainbat jardunaldi egin zituzten, esperientziak ezagutu, elkarren berri izan eta zehar lerro batzuk finkatzeko. Ondorioak Hernanin aurkeztu zituzten 2020ko urrian.

Formazioa, pertsona erdigunean jartzea, elkartasun balioen sustapena, aspektu ekonomikoak eta fiskalak… Asko dira lan-tresna horrek jorratzen dituen gaiak, beti ere ikuspegi eraldatzaile batetik eta lurraldearekiko inplikazioari atxikita.

Urriko jardunaldian, gida aurkezteaz gain, enpresen epe laburreko eta luzeko beharrak zein diren identifikatu zituzten. Hain justu, aurtengo programaren helburuetako bat da behar horietako batzuk asetzen saiatzea, baina baita sarea indartzea ere, elkar ezagutzaren eta interkooperazioaren bidez.

Sei hilabeteko egitaraua antolatu dute. Alde batetik, eskualdeko eta eskualdez kanpoko hainbat esperientzia ezagutu eta metodologiak partekatuko dituzte, zaintza, jatorri aniztasuna edo izaera kolektiboaren inguruan. Horretarako BDS Koop eraldaketa fabrika, Goierriko Biziola sarea eta Maitelan kooperatiba izango dituzte bidelagun, besteak beste.

Saretzen jarraitzeko jardunaldiak ere egingo dituzte, egitasmo irekia izaki, enpresa eta eragileek Beterri Saretuz-en parte izateko aukera zabalik baitute. Aurtengo programaren asmoetako bat da tokiko erakundeak, enplegu politiketan dabiltzanak, gizarte zerbitzuak eta enpresa komunitarioetako proiektu gehiago erakartzea, haien artean harremanetan jar daitezen, ekosistema egituratzen jarraitzeko eta “bereziki” gonbidatu dituzte eragile horiek.

Lehen jardunaldia otsailaren 11n egingo zuten, Usurbilen, sareak formalizatu eta interkooperazioan sakontzeko. Covid-19a dela eta espazio eta segurtasun neurriak bermatzeko lanean dihardute.

Iturria: Argia