Ikastaroa: Euskalgintza eta Ekonomia Soziala (II. Topaketa): Ekonomia sozialaren tresnak euskalgintzaren erronkei aurre egiteko

15 ekaina, 2021 | Kategoriarik gabe

GEZKI Institutuak, UEU eta Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera, “Euskalgintza eta Ekonomia Soziala (II. Topaketa): Ekonomia sozialaren tresnak euskalgintzaren erronkei aurre egiteko” ikastaroa antolatu dute ekainak 28rako Iruñean.

2019ko UEUren Udako Ikastaroetan,  GEZKI Institutuak, UEUrekin eta Ikastolen Elkartearekin elkarlanean, “Ikastolak eta Kooperatibismoa (I. Topaketa)” izeneko saioa antolatu zuen, Eibarren. Bi urte igaro dira eta orduan zabaldutako ildoari heldu nahi diote berriz ere: “Euskalgintza eta Ekonomia Soziala” izeneko topaketak antolatu nahi dituzte aurten, GEZKIren eta UEUren arteko elkarlanari Euskalgintzaren Kontseiluaren parte hartzea gehituz eta #ElkarEkin leloari jarraipena emanez.

Topaketa honen bitartez, Euskararen eta euskal kulturaren aldeko herri-mugimenduen esperientzia aztertuko dute, Ekonomia Sozialaren ikuspegitik. Euskalgintzako erakundeak publiko-pribatu dikotomiatik harago kokatzen diren subjektuak dira. Izaera komunitario nabaria dute, partehartzailea eta beraz, Ekonomia Sozialaren kontzeptuarekin bat egin dezakete. Topaketa honen azken helburua, erakundeon bilgunea izateaz gain, Euskalgintzak egun dituen erronkak mahai gainean jarri eta erronka horiei irtenbidea bilatzeko ekonomia sozialaren praktika ezberdinek eman ditzaketen aukerak aztertzea da.

Topaketa honek hiru zati edo bloke nagusi izango ditu: aurkezpena eta kontzeptuen lanketa, esperientzian azterketa eta bukatzeko, Euskalgintzako erronkei buruzko eztabaida.

Lehen blokean, topaketen nondik norakoak aurkeztuko dituzte antolatzaileek, landu nahi duten gaiaren inguruan UEUk, GEZKIk eta Kontseiluak dituzten ikuspegiak mahai gainean jarriz. Horrez gain, hiru hitzaldi “kontzeptual” izango dira lehen bloke honetan, Euskalgintzaren eta Ekonomia Sozialaren arteko lotura zehazteko asmoarekin: “Ekonomia sozialaren norabidea euskalgintzaren bidegurutzetan” (GEZKI); “Hirugarren olatu kooperatiboaz: 70. hamarkadako iraultza kulturala Euskal Herrian” (OLATUKOOP); “Berrikuntza soziala” (Elhuyar).

Bigarren blokean, Euskalgintzako zenbait esperientzia aztertuko dituzte, elkarrizketen bitartez, Ekonomia Sozialeko antolaketa moduak sektore desberdinetan lantzeko: Hedabideak, eskualde garapena eta eraldaketa zein berrikuntza alorretan.

Hirugarren blokean, mahai-inguru bat antolatu dute, Ekonomia Sozialak Euskalgintzako erronkei aurre egiteko dituen estrategien inguruan. Hiru alor landuko dituzte: lana duindu, interkooperazioa landu eta komunitatea sendotu.

UEUren 49. Udako Ikastaroetan izena emateko epea zabalik da.

Informazio guztia hemen

Iturria: UEU